INFO

Hizkuntza gutxituak bizi daitezen elkarretaratze eleanitz bat Parisen

Bretainia, Korsika, Alsazia, Okzitania, Catalunya edo Euskal Herritik helduta, «Gure hizkuntzak bizi daitezen» dinamika babesten duten eragileek hizkuntza gutxituen aldeko aldarria eramaten dute, gaur goizean, Pariseraino. Euskal Herritik, Euskal Konfederazioa eta Kontseiluko ordezkariak presente izan dira Hezkuntza Ministerioko egoitza inguruan antolatutako elkarretaratze eleanitz horretan.

Hizkuntza gutxituen aldeko elkarretaratzea. (@PourLaBretagne)

«Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen» Kolektiboak Parisen antolatutako lehendabiziko mobilizazio bateratua da, gaurkoa.

Horri begira, elkartearen izena daraman manifestu bat sareatu du. 15.000 herritar inguruk babestu dute Michel Blanquer buru duen ministerioak hizkuntza gutxituen garapenari ezarritako oztopoak salatzen dituen agiria.

Parisen Hezkuntza ministerioak duen egoitzara bertaratzeko deialdia jasotzen duen agiriak gogor kritikatzen du Gobernu frantsesak hizkuntza gutxituen kontra azaltzen duen jarrera.

Hain zuzen egoitza horretara hurbildu dira, gaur goizeko 11.00tatik landa, ehunka jende - 500 lagunetik gora bildu dira Hezkuntza ministeriotik inguruan dagoen Ste Clothilde plaza ardatz izan duen martxan, "Ouest-France" kazetak eman duen informazioaren arabera-. Horietatik askok beraien herrialdeko banderak eta ikurrak erakutsi dituztela.

 

Euskal eragileek bereziki batxilergo edo baxoaren erreformak ekarriko dituen «kalte izugarriak»  azpimarratu dute gaurko mobilizazioari begira.

Preseski, Pariseko karriketatik politika horrek sortuko duen kaltea salatu du Peio Jojajuria Seaskako lehendakariak Parisera informazioa biltzera joan den Kanaldude telebistaren kamararen aurrean.

Manifestariek ezin izan dute Ministerioko egoitzaraino hurbildu. Alta, ordezkaritza bat errezibitua izan da.

Ministerioko ordezkarie beraien kexak azaldu dizkiete baina, bilera formal horretatik bueltan, aparteko erantzunik ez dutela jaso aitortu dute karrikan zegoen jendearen aurrean.

Babes zabala jaso du deialdiak

Euskal Konfederazioa soilik ez Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, bestalde, Parisko mobilizaziora Paul Bilbao buru duen ordezkaritza bat bidali du Parisera.

Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez, «mezu zuzena helarazi behar zaio Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroari, non eta bere egoitzan, kontuan hartuta murgiltze sistemaren aurkako mezuak zabaltzen ari dela».

Bestalde, François Alfonsi eurodiputatu korsikarrak eta Paul Molak diputatu bretaindarrak iritzi artikulua argitaratu dute gaurko mobilizazioaren helburuak azalduz.

Sebastien Castet : «Linguizidioa salatzera goaz Parisera»

Hain zuzen ere Sebastien Castet, Euskal Konfederazioako ordezkariak oroitarazi duenez, bi hautetsi horiek urrian antolatu zuten bilkurara herrialde ezberdinetako ordezkariak bertaratu ziren eta foro horretan sustatu zen gaurko mobilizazioa.

Lurralde hizkuntzen aldeko defentsa eginez Blanquer ministroak bultzaturiko erreformek «tokiko hizkuntzen hiztunak bigarren mailako herritar gisara hartzen dituela» nahi dute agerian utzi Parisen lehen aldiz antolatu duten protesta honen bidez.

Euskal Irratietan eginiko elkarrizketan «Blanquerrek benetako linguizidioa aurrera eramateko nahikeria du, badu borondate bat gure hizkuntzekin bukatzeko eta horren aurrean guk hizkuntza gutxituen aldeko egiazko koadro lege baten alde borrokatuko dugu» adierazi du Castetek, azterketak tokiko hizkuntzetan trabarik gabe egiteko edota sare elebuna zabaltzeari ezartzen zaizkion mugak gainditzeko bidean «borondate politikoa» aldarrikatuz.