«Kartzela» serie digitalak arnasguneen balioa agertuko du
Arnasguneak eta udalerri euskaldunak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen kanpainaren baitan sortu dute ‘Kartzela’, mezua euskal herritar guztiengana helarazi nahian. UEMAk eta kanpainaren bultzatzaileek ostiralean aurkeztuko dute, Durangoko Azokan.
BECen harrapatuta geratu diren sei euskal herritarren istorioa du ardatz ‘Kartzela’ fikziozko lanak. Ostiral honetan, 12.30ean, Durangoko Irudienean emango dute lanaren nondik norakoen berri. Lehenago, EITBren gunean izango dira proiektuaren sustatzaileak, ekoizleak eta aktoreak, ‘Arnasa gara’ kanpainaz eta honen baitan sortu den ‘Kartzela’ serie digitalaz hitz egiteko.
Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzi du serie digitala, EITBrekin elkarlanean. Zazpi ataleko lana izango da, eta abenduaren 9tik 15era zintzilikatuko dira EITBren Nahieran plataforma digitalean eta www.kartzela.eus webgunean. BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak (udalerri euskaldunak eta arnasguneak bereizteko ez dago marra zurrunik, baina oro har euskararen ezagutza zein erabilera %80 ingurukoa duten udalerri euskaldunak hartzen dira arnasgunetzat).
BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Horretan ari direla sortuko dira lehen galderak: zenbat egunez iraun beharko dute BEC barruan? Nola moldatuko dira hain izaera desberdina duten sei pertsona elkar ulertzeko? Kasualitatea izan ote da ala beraiek hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat dago?
Euskalki ezberdinetako aktoreak
Erika Olaizola, ‘June’; Ainhoa Etxebarria, `Garazi´; Iratxe Urkiaga, `Mara´; Juanen Saralegi, `Juan´; Sambou Diaby, `Iba´ eta Amaiur Epher, `Ekhi´ dira `Kartzela´ serie digitaleko protagonistak. Azpeitia, Ondarroa, Lekeitio, Lesaka, Zumaia eta Donibane Garazikoak dira, hurrenez hurren, eta tokian tokiko euskalkian aritzen dira.
Arnasa Gara kanpainaren barruan ekoitzi baita serie digital hau. Nahiz eta gidoia euskara batuan idatzita egon, aktore bakoitzak askatasuna izan du bere jatorrizko euskaran modu naturalean aritzeko. Seriearekin, kanpainaren bigarren faseari emango diote hasiera.