Preso ohi baten hitzaldiaren aurka jo dute Urquijo espainiar ordezkari ohiak eta oraingoak, Lozak
Gobernu espainolaren EAEn ordezkari izandako Carlos Urquijok zuzentzen duen Asociacion Esteban de Garibay taldeak elkarretaratzea deitu du asteartean EHUn Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiak mintzaldia emango duela salatzeko. Jesus Loza espainiar delekatuak ere bertan behera uzteko eskatu du.
Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiak eta Txema Matanzas abokatuak gaixotasun larriak dituzten presoek espetxeetan pairatzen dituzten baldintzetaz arituko dira asteartean 12.30ean EHUko Gasteizko campuseko Las Nieves eraikinean. Sarek antolatutako mintzaldia da.
Ekitaldia iragarri eta berehala eskubiko taldeek mintzaldiaren aurkako kanpaina bati ekin zioten. Horrela, Covite taldeak mintzaldia bertan behera uzteko eskatu zion EHUko zuzendaritzari. Talde honetako buru Consuelo Ordoñezek oso larritzat jo zuen unibertsitateak «hiltzaile bati eta talde terrorista bateko kide bati» hitz egiteko tokia uztea. «Ideia erradikal eta baztertzaileak erabiliz gazteriaren pentsamoldea zikintzea» izango litzateke mintzaldi honen helburua Coviteren arabera.
Gauzak horrela, elkarretaratzea deitu du Carlos Urquijok zuzentzen duen Asociacion Esteban de Garibay taldeak. Sareetan adierazi dutenez kontzentrazioa hau «EHUn ETAren hiltzaile batek mintzaldia eskeintzeak behar duen erantzuna pertsona duinen elkarretaratzea da, ignominiari aurre egiteko».
Carlos Urquijoren taldeak deitu duen elkarretaratzea asteartean 12.15ean hasiko da, mintzaldia iragarritu duten ordua baino hamabost minutu lehenago, EHUren campuseko Gelategiaren aurrean. 2015 urtean epaileengana jo zuen Urquijok presoen aldeko txokolatada bat debekatzeko.
Loza: «Legezkoa baina deitoragarria»
Hori ezagutzera eman ondoren, Ser Irratian galdetuta, ekitaldia bertan behera uztea eskatu dio Sareri Jesus Loza espainiar Gobernuak orain EAEn duen ordezkariak. Bere hitzetan, Lopez de Abetxukok hitzaldia ematea «legezkoa da» baina «etikoki, sozialki zein politikoki guztiz deitoragarria».
«Demokratentzat, inolako ibilbiderik egin ez duen preso batek Giza Eskubideen Egunean hitzaldia emateak haserrea eragin behar du», erantsi du Lozak. Ibilbidea aipatzen delarik, gogoratu behar da Lopez de Abetxukok 31 urte eman zituela preso, horietatik hamar gaixorik izan arren.
Hitzaldia egingo den tokitik gertu Fernando Buesa PSEko agintaria eta Jorge Diez bizkarzaina hil zituela ETAk aipatu du ere Lozak. Hau Lopez de Abetxuko espetxeraturik zenean gertatu zen, 2000. urtean. Eta guztia batuta, zera eskatu dio PSOEko Gobernu espainiarraren ordezkariak Sareri: «Ekitaldia bertan behera utzi, beste egun bat bilatu, Unibertsitatea zikintzen ez duen beste toki bat hartu, eta gaixorik diren presoei buruz mintzatzeko beste hizlari bat har dezala».