INFO

Joxe Azurmendiren obra osoa digitalizatu eta sarean jarri du eskura Jakinek

Joxe Azurmendi pentsalariaren obra osoa digitalizatu du Jakinek eta sarean kontsultatu ahal izango dira berariazko gaitegiarekin osatutako bilatzailearekin. Zegamarrak idatzi dituen 685 lanak daude eskura eta deskargatzeko moduan.

Joxe Azurmendiren lan osoa dago sarean, kontsultagai. (Jon URBE I FOKU)

Joxe Azurmendiren (Zegama, 1941) obra osoa inoiz baino errazago kontsultatu daiteke Jakinen sareko atarian, izan ere pentsalariaren obra osoa digitalizatu eta sarean jarri du eskura. Testuak hitz gakoen bidez nahiz gaien eta argitalpenen arabera bilatu daitezke gainera, berariazko gaitegiarekin osatutako bilatzailea sortu baitu.

Filosofia eta pentsamendua, nazio auzia, literatura, euskara, kultura, gizaberea… eta beste hamaika gai landu ditu euskal pentsalari emankorrenetakoa denak. Guztira 685 lan argitaratu ditu eta denak daude kontsultagai: artikuluak, testuak, liburu zatiak… Jakin Fundazioa eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko hitzarmenari esker, 15.000 orrialde baino gehiago digitalizatu dira.

Dokumenturik zaharrenak 1960ak dira, ‘Jakin’ eta ‘Anaitasuna’ aldizkarietan argitaratutakoak; berriena, aldiz, 2018koa da, ‘Jakin’ aldizkariaren 225. zenbakikoa.

Bilaketa zehatzak

Berritasuna dakar digitalizazio honek izan ere, Azurmendiren lanak digitalizatu zituen 2014an baina bilatzailerik gabe eskegi zituen sarean. Orain, eta bereziki bere lanean sakondu eta bilaketa zehatzagoak egiteko aukera eskaintzeko, berariazko bilatzailea sortu du.

Lana are gehiago errazteko, gaitegia osatu du Jakinek eta hitz zehatzen arabera ere egin daiteke bilaketa «testu barruan ere miatzen baitu bilatzaile berriak», zehaztu du Jakinek ohar bidez. Era berean, urte eta argitalpenaren araberako bilaketa ere egin daiteke.