INFO

Felipe VI.ari, Armadari eta Guardia Zibilari «espainiar guztion» miresmena agertu die PSOEk

Pazko Militarraren eguna kari egindako agerraldian, eta alderdi eskuindarrek PSOEri leporatu ondotik igandeko inbestidura saioan erregearen aurka eraso egin izana, «estimu eta errespetu sakona» helarazi dio Margarita Roblesek Felipe VI.ari.

Grande-Marlaska, Sánchez eta Felipe VI.a, Pazko Militarraren zeremonian. (Sebastian MARISCAL/AFP)

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko behin-betiko botazioaren bezperatan, Indar Armatu espainiarren kupularekin eta Felipe VI.a erregearekin bildu da jarduneko lehendakaria, Pazko Militarraren karietara. Atzo Kongresuan jazotako iskanbilaren osteko lehen agerraldia egin du Sanchezek, non Felipe VI.a bera eztabaidaren erdigunean izan zen.

Inbestidura saioan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak Felipe VI.ak Kataluniako erreferendumaren ostean emandako hitzaldia «errezeta autoritarioak» aplikatzeko Estatuaren «joeraren» adierazpiderik nabarietako bat izan zela ziurtatu zuen. Hitzartzeak eskuineko alderdiak aztoratu zituen; hala, PPk, Voxek eta Cs-ek Sanchezi eta Kongresuko presidente Meritxell Bateti Koroari eraso egitea leporatu zieten, ez ziotelako inolako gaitzespenik egin Aizpuruari.

Pedro Sanchezekin batera, Margarita Robles jarduneko Defentsa ministroa eta Fernando Grande-Marlaska jarduneko Barne ministroa izan dira Pazko Militarraren zeremonian monarka nahiz Indar Armatuetako buruzagiei harrera egiten. Defentsaren buru izaten jarraituko duen jakin gabe, Roblesek galdegin du Defentsak «benetako estatu-politika» izaten jarraitu dezala, «alderdikerietatik urrun» gera dadin.

Atzoko akusazioak uxatu nahian, eta testuinguru politikoari inolako aipamenik egin gabe, Roblesek erregea zoriondu du du, eta azpimarratu ez zuela kortesiagatik bakarrik egin, baizik eta «estimu eta errespetu sakonetik sortzen diren sentimendu zintzo batzuen» adierazpentzat.

«Espainiar guztiok» Guardia Zibilarekin

Felipe VI.a bezainbat goraipatu ditu Polizia espainiarra, Guardia Zibila eta Armada. Trafikoko eskumenak Nafarroari lagatzea balizko Gobernu berriaren eztabaida nagusietako bat denean, ministroak azpimarratu du «Guardia Zibilak badaki espainiarrok miretsi eta errespetatu egiten ditugula, eta berari hertsiki lotuta sentitzen garela. Espainiar guztiok».

Teheran eta Washington-en arteko tentsioari dagokionean, Margarita Roblesek, «egun korapilatsu hauetan» Iraken dauden 550 soldadu espainiarrak gogoratu ditu, nahiz eta Irakeko legebiltzarrak atzo eskatu zuen atzerriko tropek herrialdea utz dezaten.

Horrekin lotuta, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernua abian jarri ondoren hasiko den etaparen aurrean, Defentsa ministroak bermatu du Espainia «aliatu sendoa, serioa eta konprometitua» dela eta izaten jarraituko duela erantzukizun solidarioan eta multilateralismoaren aldeko apustuan, bai Europar Batasunean eta bai NATOn ere.

Felipe VI.ak, bide beretik, Indar Armatuen eta Guardia Zibilaren «leialtasuna eta etengabeko entrega eskuzabala» eta «Espainiarekin eta Konstituzioarekin» duten konpromisoa goraipatu ditu, eta Iraken dauden tropak izan ditu gogoan berak ere. «Egun hauetan, asko oroitzen gara beraiekin», agertu du.