Euskal presoen %34k du gaixotasun garrantzitsuren bat eta 19 presok gaitz larriak dituzte
Etxeratek azaleratu dituen datuen arabera, euskal presoen %34k du gaixotasun garrantzitsuren bat. Etxeraten zerrenda 19 preso larrik osatzen dute eta elkarteak nabarmendu du duela hamar urte baino hamahiru preso larri eta sendaezin gehiago daudela. Preso larrien %84k hamabost urte baino gehiago darama espetxealdian.
Gaixo dauden euskal presoen inguruko diagnostikoa eskaini du asteazken honetan Etxerat elkarteak. 19 preso larri eta sendaezin daude gaur egun, duela hamar urte baino hamahiru gehiago. Hazkuntza honetan jarri dute arreta Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat elkarteko ordezkariek, zein Jaiki Hadiko kide diren Fernando Aburua psikologoak eta Xabier Onaindia medikuak.
Aburuak nabarmendu duenez, egun dauden 250 preso ingurutik %34k pairatzen du gaixotasun garrantzitsuren bat eta duela hamar urte, 750 preso zeudenean, honen portzentaia %25ekoa zen. Kolektibo honen adinaren batez bestekoaren igoerak eta espetxealdien luzatzeak eragin zuzena izan duelakoan daude.
19 preso larrien zerrenda tentuz begiratzen hasiz gero, ohartuko gara hauetatik %84 duela hamabost urte baino gehiagotik daudela preso.
85 preso gaixotasun garrantzitsuarekin
Guztira, Etxeraten laguntza behar duten 69 gaixo organiko eta 16 psikiko daude espetxeetan. Zerrenda honetan sartzen dira larri daudenak, jarraipen estua behar dutenak edota kontrolpean daudenak, patologia arinagoa izanagatik ere, espetxeetako egituren eta araudien ondorioz gaitza azkarrago kaltetzen baita.
«Argi dago heriotza arriskua dutenek lehenbailehen aske egon behar dutela; hau da, minbizia, bihotzeko gaitz larriak, gaitz psikiko larriak eta endekapen estadio larriak dituztenak», adierazi dute. Heriotza arrisku nabarmena ez duten gaixo kronikoen kasuan, berriz, lehenbailehen Zaballara ekartzea eskatzen dute, bertako zainketa eta osasun arreta Osakidetzaren esku baitago: «Eta honek asko errazten ditu gauzak».
2019an hiru preso minbiziagatik hilak
2019an beraien gaixotasunagatik kanporatuak izan ziren hiru preso ohi zendu zirela gogoratu dute, «beraien heriotza baino hilabete lehenago eta gaixotasuna fase terminalean zegoela» kaleratuak izan zirela deitoratuz. Horiek dira Oier Gomez, Juan Mari Maizkurrena eta Jose Angel Otxoa de Eribe, hirurak minbiziaren ondorioz zenduak.
«Esan beharrik ez dago gaitzaren lehen fasean askatuak izan balira, euren bizitza esperantza luzatzeko aukera benetakoa izango litzatekeela», ondorioztatu dute.
Kartzelako osasun arretari dagokionez, azken hilabeteetan preso gaixoengan eragin kaltegarria izan duten hainbat akats edo hutsegite identifikatu dituztela ziurtatu dute. Ospitale interbentzio, kontsulta edo frogen gehiegizko atzerapenak ematen direla salatu dute: «Urtebete baino beranduagoko kirurgia interbentziorako itxaron zerrendak, koordinazio eza kartzela eta ospitalearen artean, komunikazio eza pazientearekin bere oinazeak eta ezinegona kontuan hartu gabe, tratamendu akatsak espetxean, etab.»
Hemen, bi presoen adibideak ere plazaratu dituzte. Batetik, Kepa del Hoyoren heriotzaren kasua argitu da azken hilabeteotan eta adierazi dute bere heriotza eragin zuen bihotz gaitzaren gestioaren akatsa nabarmena izan zela.
Bestetik, Josetxo Arizkurenen kasua azaleratu dute, «bihotzeko arazo larriak izanik tratamendu okerra jaso zuen espetxean».
Ibon Fernandez Iradi
Azkenik, gaitzetsi dute larriki gaixo dauden presoen askatzeak urte luzeen ondoren suertatzen direla, gaitza fase terminalean dagoenean. «Askotan espetxe edo epaitegien iritziak lehenesten dira gaixo hauen askatzea erabakitzeko, mediku irizpideen gainetik», azpimarratu dute.
Era berean, Ibon Fernandez Iradi, esklerosi anizkoitza pairatzen duena eta jada nahiko fase aurreratuan, oraindik ere espetxean dago. Hiru urte atzeratzen ari da kasua, Etxeraten arabera, eta datorren astean ebatzi behar da behin-betiko erabakia: «Epaileak izendatutako mediku adituen balorazio txostenak adierazten du pazienteak aske egon behar dela».