Milaka pertsona Baionan «historia errepika ez dadin»
Ordezkaritza zabala eta parte-hartze anitza izan da Baionako manifestazioan «presoak diren artean, bake prozesu bat ezinezkoa dela» aldarrikatzeko. Macron presidenteari historia ez errepikatzeko nola egingo duten galdegin diote bake artisauek, eta bake prozesua bururaino eramateko determinazioa dutela iragarri dute.
Lauga gelaren kanpo aldetik abiatu da ‘Historia errepika ez dadin, orain presoak’ goiburua zuen eta 9.800 lagun bildu dituen manifestazioa. 9.800 lagun bidu ditu. Lehenik joaldunak abiatu dira, haien atzetik, bidea irekitzen, traktoreak, eta jarraian, etorkizuna irudikatzen zuen manifestazio burua.
Hamar gaztek eutsi dute Emmanuel Macronek maiatzaren 19an Biarritzen esandako hitzak jasotzen zituen pankarta: «Ez dezagun historia errepikarazi». «Ez dugu nahi historia errepikatu dadin, bake justu eta iraunkor bat eraikiko duten gazteak» direla azaldu dute pankarta eusten zuten arlo desberdinetako gazte ezagunek.
Etorkizunaren atzean, oraina eta iragana. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ehun hautetsi baino gehiago makila eskuan zutela abiatu dira, «Ministerioarekiko dugun haserrea adierazteko, eta gobernuari jarrera aldaketa bat eskatzeko».
Azken egunetan Baionako mobilizazioak jasotako atxikimenduen isla izan da manifestazio burua zein manifestarien parte-hartzea. Hautetsiez gain, alderdi politiko, elkarte eta erakunde publikoetako aurpegi ezagun asko zegoen lehen lerroetan.
Errobi ibaiaren ondotik gerturatu da manifestazioa Baionako erdigunera, eta bertako karrikak zeharkatu ostean, udaletxe aitzinera iritsi da. Tren geltoki ondoan dagoen Errepublika plazara daraman Santespirituko zubia zeharkatzera zihoazen unean manifestazioarekin bat egin duten arraunlariak agertu dira batela batean, Errobi eta Aturri ibaiek bat egiten duten leku berean, eta horrela bat egin dute manifestazioarekin.
Hitza hitz
Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza eta Maider Beotegi Bardozeko hautetsiak hartu dute hitza hautetsien izenean, eta Euskal Elkargoko lehendakari orde moduan. Ministerio publikoa salatu dute, haien hitzetan, «deus ez dela aldatu esatea, irain egitea baita». Makilak altxata eta txalo zaparrada batekin erantzun dute oholtza aurrean ziren ehunka hautetsi eta manifestarik, eta arraunlariek arraunak altxa dituzte Aturri ibaian.
Jarraian, Bake artisauen izenean, Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin bozeramaileek hartu dute hitza. Bigarren etapa bati ekiteko unea iritsi dela jakin arazi dute eta horretarako hiru ardatz nagusi azpimarratu dituzte: «lurralde oso baten kontra doan Ministerio Publikoaren jarrera» salatzea, bizi osorako zigortu nahi dituzten presoei «ezartzen zaien heriotza zigor» horri aurre egitea eta, azkenik, «gatazkaren konponbide orotan ezartzen den justizia trantsizionala» sustatzea.
Macron presidenteak Biarritzen esan zituen hitzak ez dituztela pasatzen utziko iragarri dute. «Hitza hitz!», nabarmendu dute bake artisauek.
Irrintzi luze batek eman dio amaiera Baionako manifestazioari, justu Bilbokoa hastera zihoan unean.