INFO

Jaka-Zabaletak ez dute despistatzeko asmorik (22-9)

Euren mailatik behera egon diren Altuna-Galarza jipoituta euren zortzigarren postua eskuratu dute.

Erik Jakak erakustaldi bat eman du erasoan (Endika PORTILLO/FOKU)

Indarrak gordetzeko egoera batean dauden arren, Jaka-Zabaletak ez daukate despistatzeko inolako asmorik eta dagoeneko hiru puntutako aldea ateratzen diete bigarren postuan berdinduta diren lau bikoteei gaur Eibarren Altuna III.a-Ladis Galarza 22-9 txikituta.

Jardunaldi honetan hirugarren aldiz errepikatu da emaitza bera eta, era berean, misterio gutxiko partida izan da Katedralekoa, bikote bat beste baino askoz gehiago izan baita. Astelenako partida hasiera-hasieran erabaki da, Ladis Galarzaren hasiera txar bati esker 5-0 aurreratu baitira Jaka-Zabaleta, atzelari gorriak pilotakada bakarra jota.

Urdinak partidari eusten saiatu diren arren, hortik aurrerakoak ere ez dira oso desberdinak izan. Izan da aldaketarik, Jose Javier Zabaletak, ohi bezala, partidaren agintea hartu eta Jakak erakustaldia eman duelako erasoan –airez 9 tanto lortu ditu–, baina urdinen erreakziorik ez da izan (15-3). Baraibarko atzelaria oso deseroso aritu da aurkarien pilotarekin eta aukerako pilota asko utzi dizkio Jakari. Jokin Altunak, aldiz, erasora pasatzeko aukerarik apenas izan du eta 15-6koan lortu du bere lehen tantoa, pilota txokoan utziz.

Jaka-Zabaletak berean jarraitu dute eta garaipen eroso bat eskuratu dute (22-9).

Hirukoteak sufrituta irabazi

Jaialdia partida berezi batekin hasi da eta bertan, asko sufrituta izan bada ere, Peio Etxeberria, Egiguren V.a eta Tolosak osatutako hirukoteak 20-22 irabazi die Elezkano-Bikuña osatutako bikoteari. Hirukoari kosta egin zaio kantxan euren lekua hartzea –Etxeberriak pilota asko galdu ditu– eta partida bikaina jokatuz, Elezkano eta Bikuña 15-7 eta 20-13 ere aurreratu dira, baina azkenerako partida luze egin zaie eta urdinek buelta eman diote partidari.