Bilbao Basketek Kanaria Handiko harkaitza jo du beste behin (92-54)
Jaylon Brown lesionatu da partida hasi eta berehala eta ohiko talde jokorik gabe aritu dira bilbotarrak. Sei garaipen kateatu ostean, belarrondoko gogor askoa jaso dute bizkaitarrek.
Kanaria Handia plaza txarra da RETAbet Bilbao Basketentzat. ACB Ligan jokatzen hasi denez geroztik 15 bat bider joan dira bilbotarrak Las Palmasa, eta garai bateko Centro Insular de Deportes zaharrean –«Harkaitza» zeritzon pabilioian– eta egungo Gran Canaria Arena erraldoian belarrondokoak bata bestearen atzetik jaso ditu, behin izan ezik, 2014ko azaroaren 23an. Orduko hartan, Sito Alonsoren eskutik eta Alex Mumbru jokoan zela, 60-70 gailendu ziren «beltzezko gizonak». Baina normalean porrot oso mingarriak pilatu ditu Bilbao Basketek Kanaria Handiaren aurka, eta «pio, pio!» entzuteak hotzikara sortzen die bizkaitarrei. Oraingoan ere, bada, harkaitzaren kontra muturrez aurrera joan dira, 92-54 galduta eta, bide batez, jarraian kateaturiko sei garaipenen ostean galtzaile atera behar Mumbruren gizonak.
Hori gutxi ez eta, Jaylon Brown ere galdu dute bilbotarrek, eta hein handi batean nahikoa izan da kolpe hori Bilbao Basketek nahi guztiak zapuzteko. «Jaylonen lesioak kalte egin digu, hain jokalari garrantzitsua den hau hiru minuturen buruan galdu izana. Hala ere, egiari zor, partidarik ez da egon ere egin. Kanaria Handia gu joan ez garen martxan aritu da. Amaitu zaigu bolada ona eta hurrengo partidara begira asko daukagu hobetzeko». Horra hor Alex Mumbruren berbak Bilbao Basketek jaso duen egurraren ostean.
Brown bera eta Schreiner atera ditu Alex Mumbruk hasierako bostekoan, baina eskolta estatubatuarra lesionatu denerako ere, gauzak ez zihoazela ongi bistakoa izan da. Defentsan Ondrej Balvin ohi baino askoz motelago aritu da eta akordatzerako, markagailua 12-3 zihoan, bilbotarren saskiraketa bakarra Jaylon Brownena izanik, gainera.
Handik aurrerakoak ez dira askoz hobeak izan. Ben Lammersek ohiko seriotasuna ezarri dio defentsan Bilbao Basketi, baina ia ez da beste taldekiderik egon maila hori eman duenik. Aurreneko laurdena 22-12 amaitu ostean, bigarrenak are eta emaitza okerragoa ekarri du berekin: 48-26 atsedenaldirako. Erasoan kamuts –26 hiruko bota eta lau bakarrik sartu ditu Bilbao Basketek– eta defentsan zer esanik ez. Demonte Harperrek nahi izan duen guztia egin du eta 24 puntu lortu; Javi Beiranek 16 sartu ditu bere aldetik, Bilbao Basketeko hegalekoekin nahi adina gozatu eta gero... Halakoetan, partidak luze egiten dira oso.
Erreakzio motzegia
Hirugarren laurdenean, baina, itxura apur batekin jokatu du Bilbao Basketek. Bouteillek zezenari adarretatik heldu dio eta unetxo batez bazirudien partidan sartzeko aukerarik edo lortu behar zuela talde bilbotarrak, 55-41 hurreratu denean.
Bai zera! Fotis Katsikarisek hutsartea eskatu eta berehala 60-41 aurreratu dira etxekoak, eta akabo Bilbao Basketen erreakzioa. Kanaria Handiak, bestalde, Stan Okoye atera du kantxara, lesio bat gainditu ostean aurreneko minutuan izan ditzan. Eta Nigeriako eskoltak aurretik eraman du talde bizkaitarra. Azkenean, 92-54, eta Jaylon Brown zertan den jakin ezinaren ondoeza bilbotarrentzat eta beren zaleentzat. Dena dela, seigarren jarraitzen dute Mumbrurenek sailkapen nagusian 11-8 balantzearekin.