INFO

Alvarez (UGT) eta Sordo (CCOO), Valladoliden euskal greba hizpide: «Ez da zentzuzkoa»

UGTk eta CCOOk ez dute U30ko greba orokorrarekin bat egiten, baina beren Estatu mailako agintari gorenek, Pepe Alvarezek eta Unai Sordok, jarduna arretaz segituko dutela agerian utzi dute Valladoliden.

Sordo eta Alvarez, Pedro Sanchezekin Moncloan. (Moncloa)

Valladoliden egon dira asteazken honetan UGTko idazkari nagusi den Pepe Alvarez eta CCOO sindikatuan kargu bera duen Unai Sordo. Bertako Unibertsitateak antolatutako mintegi batean hartu dute parte, eta deigarria izan da bertara ere heldu dela ostegun honetan Euskal Herrian antolaturik den greba orokorraren oihartzuna.

Jakina da UGTk eta CCOOek ez dutela deialdi honekin bat egin. Kazetariei eginiko adierazpenetan, greba orokor honek «koherentzia gutxi» duela eta «ez dela zentzuzkoa» aipatu dute batak zein besteak.

Estatu mailako irakurketa eginez, Pedro Sanchezen Gobernuak oraintxe egin diola bideari nabarmendu dute. Alvarezen ustez, honek Mariano Rajoyk bere garaian ezarri zuten lan arloko erreformaren atal batzuk bertan behera uzteko aukera ematen du eta horretan bildu beharko lirateke indarrak.

Sordok erantsi duenez, espainiar Gobernuko kideek karguak hartu zituztenetik «ez dira oraindik bi aste pasa. Beraz, greba hau ez da zentzuzkoa, are gutxiago jada zenbait erreforma egiteari ekin zaionean».

CCOOko buruak Valladolideko kazetariei ohartarazi dienez, hala ere, bere ustetan deialdiak «euskal politikarekin zerikusi handiago du», Espaniakoarekin baino. Jatorrizko arrazoien artean, «Euskal Herrian den pentsioen aldeko mugimenduaren zatiketa» aipatu du Unai Sordok, bai eta «Segurantza Sozialaren kutxaren etorkizuna ere».

Nafarroako UGT: «Elkarrizketa eta akordien bidez hobe»

Nafarroako UGTk Sakana aldean behintzat zabaldu duen oharrak gogor kritikatzen du U30aren deialdia. Langileen artean «zatiketa» eragingo duela uste du eta indar abertzaleen «biktimismoa» oinarri duela salatzen du.

Pentsioen, enplegu duinaren, babes sozialaren, aberastasunaren banaketa egokiaren eta Ongizate Estutuaren indartzearen alde dagoela nabarmentzen du UGT-Nafarroak, baina hori guztia, bai eta lan erreforma bertan behera uztea ere, elkarrizketa eta akordioen bitartez landu behar dela aldarrikatzen du, Estatu mailan zein Nafarroan «gobernu aurrerakoiak» daudela gogora ekarriz.

«Gizartearen gehiengo handiaren eskaerak ez badituzte kontuan hartzen, hartutako konpromisoak betetzen ez badituzte, orduan, orduan soilik, helduko da greba orokorra deitzeko momentua, joera politiko ezberdinekin beste hainbatetan jada egin dugun moduan», ziurtatzen du oharrak.