INFO

Mugaz gaindiko Gazte Agora foroa Iruñera heldu da

Eusko Ikaskuntzak bultzatu duen proiektuak Nafarroako eta EAEko Kontseiluen partaidetza du, eta Iruñekoarekin bigarren topaketa egin du larunbat honetan  Katakrak liburudendan. Baionako Gazte Foroa martxoaren 14an ospatuko da.

Eusko Ikaskuntzak bultzatu duen proiektuaren bigarren topaketa Iruñean egin dute.(Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Aniztasuna, balio partekatuak, lurralde berezitasunak eta lurraldeen arteko lankidetza ereduak oinarri, Iruñeko Katakraken gazteak bildu dira Gazte Agora ekimenean gogoeta egin, iritziak kontrastatu eta etorkizunerako helburu komunen diagnosia egiteko.

Ekimen hau Gazte Lankidetzarako Sareak proiektuaren baitan kokatzen da eta 16 eta 35 urte bitarteko gazteen arteko mugaz gaindiko lankidetza sareak sortzea du helburu. Eusko Ikaskuntzak abiatu du eta Nafarroako eta EAEko Gazte Kontseiluen babesa lortu du; Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza du gainera.

Jardunaldia proiektuaren nondik norakoen azalpenarekin hasi da, goizeko 10.30ean, eta, ondoren, talde-dinamika batean lau gai nagusi landu dira: Hezkuntza formal eta informala, Gobernantza, Ongizate materiala eta Hizkuntza Errealitateak.

Horietako bakoitzari buruz gazteek dituzten erronkak aztertu eta mugaz gaindiko partaidetza eta gazte lankidetzarako tresna eta proposamenak egin dituzte 14.00etan hasi den jardunaldiko balorazioan.

Lehenengo foroa Donostian izan zen iragan den abenduaren 14ean eta, Iruñeakoaren ostean beste bi deialdi etorriko dira: Baionako Gazte Agora foroa martxoaren 14ean eta, aurreko saioetan ateratako ondorioetan oinarritutako mugaz gaindiko Gazte Agora foroan, apirilean Donostian.