INFO

Zaldibarko kudeaketa azaltzeko Urkullu Diputazio Iraunkorrera joatea eskatu du EH Bilduk

Hauteskundeak direla eta Gasteizko Legebiltzarra indarrean ez badago ere, EH Bilduk Iñigo Urkullu Lakuako lehendakaria Diputazioa Iraunkorrean agertzeko eskatu du, Zaldibarko kudeaketari buruz azalpenak emateko. Bestalde, LABek suhiltzaileen kamioiak behar bezala ez zutelako deskutsatu Lan Ikuskaritzan salaketa jarri du.

Urkullu, Ajuria Enean egindako agerraldi batean. (Endika PORTILLO/FOKU)

«EH Bilduk ez die Urkullu lehendakariari eta bere gobernuari utziko hauteskundeen aurrerapena eta horren ondoriozko Legebiltzarraren desegitea ihesbide gisa baliatzen Zaldibarko zabortegiko ezbeharrean dituzten erantzukizunak saihesteko». Hala, Mikel Oterok atzo bertan iragarritakoari jarraituz, EH Bilduk Urkulluren agerraldi eskaera aurkeztu du formalki Legebiltzarrean, bertako Diputazio Iraunkorrean azal dezan zer nolako kudeaketa egin duen Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian pasa den osteguneko ezbeharraren aurretik eta ondoren», azaldu du talde soberanistak.

«Urkulluk aurpegia eman behar du, gertaera horrek ardurak berehala garbitzea eskatzen duelako eta zehatz-mehatz azaldu behar duelako nola izan den posible horrelako zerbait gertatzea Ingurumen Sailak duela hilabete asko egiaztatu baldin bazuen zabortegi horretan irregulartasun larriak egiten ari zirela arloko araudia betetzeari zegokionean», nabarmendu du EH Bilduk ohar batean.

«Egunak pasa ahala gero eta argiago dago Urkulluren Gobernua utzikeriaz aritu dela eta ez dituela bere ardurak behar bezala bete, eta horren emaitza begien bistakoa da: bi langile desagerturik eta ingurumen kalte larriak inguruan. Eta eskandalua handitzeko, lidergo eta enpatia falta nabarmena erakutsi dute bai lehendakariak, bai sailburuek. Zaldibarkoa ez da hondamendi naturala izan, gaizki egindako gauza askoren ondorioa baizik», gaineratu du EH Bilduk.

LABen salaketa Lan Ikuskaritzan

Bestalde, LAB sindikatuak Zaldibarren «berehalako arrisku larria dagoelako» salaketa aurkeztu du Lan Ikuskaritzan. Zabortegian lanean izandako Eibar eta Oñatiko suhiltzaileen parkeetako lau kamioi «gaurdaino deskutsatu gabe jarraitzen dute», LABek jakitera eman duenez.

«Honek arrisku larrian jartzen du kamioi hauek erabiltzen dituzten suhiltzaileen osasuna, amiantoak sorten duen kaltea ezaguna delako», dio LABek.

Bizkaiko Aldundiko suhiltzaileen kasuan, ostegunean Zaldibarren izandako kamioiak prezintatuta daude, garbitu eta gero. Gipuzkoakoen kasuan, ordea, LABek salatu duenez, «ez dira beharrezko neurriak hartu, arrisku larriko egoera denean».

Honekin batera, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak Zaldibarreko aferari buruzko salaketa publikoa egin dute goizean, hedabideen aurrean egindako agerraldi publiko batean. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, «gertatzen ari den guztia eskandalagarria da. Berriro ere, langileen osasuna eta bizilagunen osasun publikoa ez da erdigunean egon. Berriro ere, beste interes batzuek izan dute lehentasuna. Ekonomia egon da pertsonen aurretik».