INFO

Administrazioek Zaldibarren jazotakoa argitu dezatela exijitu dute 3.000 lagunek Donostian

Larreko Mahaiak deituta, 3.000 lagun inguru batu dira Donostian Zaldibarren jazotakoa argitu eta hondakinen kudeaketa arduratsua egin dadila eskatzeko. Administrazioen «utzikeria» salatu eta garbi hitz egin dezatela exijitu diete.

Hiru mila lagun bildu ditu martxak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Deialdia egina bazen ere, buruan zapi gutxi ikusi dira larunbat honetan Donostian Larreko Mahaiak deituta egin den manifestaldian. Zapi gutxi, esan bezala, baina aldarrikapen ugari utzi ditu martxak, guztiak ere zaborren kudeaketa arduratsuari lotutakoak.

Fokua, ezinbestean, Zaldibarren jarrita egon da, manifestazioaren amaierako komunikatuan gogora ekarri duten gisa, hiru aste eta hiru egun igaro baitira zabortegiko hondakinek azpian harrapatuta bi langile –Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran– desagertu zirenetik eta artean ez da haien berririk. Manifestazioan entzun diren lehen oihuak bide horretatik joan dira.

Manifestazio buruan, «Osasuna, ekonomia eta klimagatik. Ez erre etorkizuna» lelodun pankartari lotuta, Larreko Mahaia osatzen duten plataformetako ordezkariek abiatu dute martxa Easo plazatik eta, atzetik 3.000 lagun inguru zituztela, Bulebarrean amaitu da ekitaldia, ia ordubete geroago. Bidean, ekologiaren eta osasunaren aldeko aldarriak eta kantuak nagusitu dira, «Zaldibar argitu, errauskailua gelditu» edota «Olano, entzun, ez Zubietan ez inon» leloekin uztartuta. Ez dira gutxi izan etxean kartoi birziklatuz –eta itxura guztietara haurren laguntzaz– egindako afixekin euren aldarria zabaldu nahi izan dutenak, «Ez jolastu gure osasunarekin» edota «#KontuzAmaNaiz» traola aldarrikapenetara batuz.

Behin Bulebarrera iritsita, ‘Els Segadors’ abestiaren bertsio bat abestuz errauste-planta gelditzerik badagoela berretsi dute eta, ostean, komunikatu bana irakurri dute Zaldibar Argitu plataformako kideek eta Larreko Mahaiko ordezkariek. Biek ala biek, ezeren aurretik, gogoan izan dituzte Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, hondakinen azpian dirauten zabortegiko langileak. «Beraien zaborra erori zaigu buru gainera», kritikatu dute dute Zaldibar Argitutik zuzenean administrazioak interpelatuz eta haien hondakinen kudeaketa politikak gaitzetsiz. «Kudeaketa txarra» eta «ustelkeria» leporatu dizkiete, baita «gezurretan aritu» izana ere airearen eta uraren kalitatea egokiak zirela baieztatzerakoan. «Zergatik hartu zituzten handik gutxira neurriak?», galdegin dute.

Non daude administrazioak?

Hala, erantzukizunak eskatu dituzte, lehenik eta behin Lakuako Gobernuari: «Ez al du inork dimisioa eman edo erabakiak hartzera behartu behar? Non dago Jaurlaritza? Non lehendakaria? Zertan ari da Arriola, Eibarko alkate izan zena eta egun Ingurumen sailburu dena?», galdegin dute, eta Arriola aipatzearekin hainbat txistu aditu dira, jendartearen haserrearen adierazle.

Bere aldetik, Larreko Mahaitik Julen Lorenzok eta Maider Angulok irakurri dute agiria, euskaraz eta gazteleraz. Zubietan zabaldu nahi duten errauste-plantak ekarriko dituen kalte ekologiko eta sozialak ekarri dituzte gogora eta erronka berrerabilpenean eta birziklapenean dagoela berretsi dute. «Ahal da, badaude ingurumenaren eta herritarren segurtasuna bermatzen duten alternatibak», ziurtatu dute, eta erabakiak herritarrena behar duela izan berretsi dute. Hala, herritarrak konpromiso kolektiboak hartzera deitu dituzte: «Ez diogu begirik kenduko hemen ondoan eraiki diguten munstro horri. Data finkatzearekin uste dute irabazia dutela, baina ez. Sobera argi dakite ez gaituztela isilduko, borroka hau ez dutela geldituko». «Borroka hau hasi besterik ez da egin», baieztatuz eman dute amaitutzat ekitaldia.