INFO

‘El País’ egunkariak, Estatuko salduenak, harpidetza sistema ezarriko du: «Ezinbestekoa da»

‘El País’ egunkariak harpidetza sistema ezarriko du datozen asteetan. Espainiar Estatuan ale gehien saltzen dituen informazio orokorreko egunkaria da, baita bisita gehien dituen atariaren jabe ere, eta 44 urteko historiaren ostean, «jasangarritasuna bermatu eta kazetaritza mantentzeko» pauso hau ematea erabaki dute.


Espainiar Estatuan ale gehien saltzen dituen eta gazteleraz irarkule gehien dituen informazio orokorreko web ataria duen ‘El País’ egunkariak harpidetza sistema ezarriko du. Industria sistema digitalera egiten ari den bidea ardatz hartuta, «jasangarritasuna bermatze» aldera «ezinbesteko urratsa» dela iritzio dio egunkariaren zuzendaritzak.

GARA-NAIZ Estatuan sistema hau ezartzen aitzindarietakoa izan zen eta orain ‘El País’ egunkariak ere bide bera hartu du. Jakinarazi dutenez, 2019 urtean, haien historian lehen aldiz, irabazi gehiago eman zizkien digitaleko publizitateak, paperean argitaratutakoak baino, «baina hau ez da nahikoa tamaina honetako proiektu bat mantentzeko».

2005ean jada saiatu ziren harpidetza sistema ezartzen, baina hilabete batzuen ostean bertan behera uztea erabaki zuten. «Ia inork ez zuen orduan interneteko harpidetza baten truke ordaintzen, besteak beste, ordainketa sistemak infernu bat zirelako», gehitzen du informazioak. Gaur egun, mugikorrak tarteko, egunkariak eskura daude interneten eguneko edozein unetan eta informazio kontsumo ereduen inguruan ere aldaketak izan dira.

Hasieran, hilabetean 10 euroko prezioa izango duen harpidetza ezarriko du espainiar egunkariak. «Kazetaritza mantentzeko ezinbesteko pausoa da hau», nabarmendu dute.