INFO

Sololuze eta Beltranen omenezko lore eskaintza egin dute Eitzagan, luizitik hilabetera

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegiaren luizian harrapatuta geratu ziren langileak omentzeko lore eskaintza egin dute gaur Eitzagan, eta bertan salatu dute hilabete honetan zehar «kontrol falta eta kaos sentipena» nabarmen geratu dela.

Lore eskaintza, Sololuze eta Beltran langileen omenez. (FOKU)

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak Verter Recycling enpresaren zabortegiko luizian desagertu zirenetik hilabete bete dela eta, Zaldibar Argitu plataformak lore eskaintza egitera deitu du langileen omenez. Omenaldian, gogorarazi dute azken hilabete hau «ziurgabetasunean, zalantzan eta argipen faltan» igaro dutela, eta «arreta jaitsi» bada ere, arazoak bere horretan segitzen duela. Hau da, Sololuze eta Beltranek lur azpian harrapatuta jarraitzen dute, bilaketa lanek oraindik ez baitute emaitzarik eman.

Salatu dute, bestalde, erakundeen lehentasuna «autobidea irekitzea» izan zela ezbeharra gertatu zen momentuan, «langileen segurtasunaren gainetik», eta ez direla nahikoa egiten ari lurpean dauden beharginak aurkitzeko. «Tamaina honetako tragediaren aurrean, aurreztu zitekeen min eta sufrimendu guztia berriz ez gertatzeko bermeak nahi ditugu», aldarrikatu dute. Bestalde, «informazio gardena» ere galdegin dute, gertatu dena argitu eta «egon diren irregulartasunen» berri izateko.

«Arduraz» jokatzeko deia egin dute, «ez gaitezela datorren hilabetean ere egoera berean egon» . Azken hilabetean, «kontrol falta» eta «kaos sentipena» nabarmena izan dela diote, eta «isiltasun konplizeek» sorrarazten dien kezka ere azaleratu dute.

«Ezin da gure bizitzekin jokatu, gure langileen, herritarren, haurren edo haurdun dauden emakumeen osasuna arriskuan jarri ezin daitekeen bezala. Horregatik, erantzukizunak bere gain hartu behar dituzte kargu batzuek, asko oraindik argitzeke daude. Beraz, horiek lehenbaitlehen argitzea eta halakorik ez errepikatzeko bermeak ematea funtsezkoa da egoera hau nolabait konpontzen hasteko, mina konponezina den arren», adierazi dute.