‘Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea’, etorkinen ausardiaz hitzegiten duen liburua
Hegoaldeko Mugatik Europara iritsitako edo iristen saiatu diren bost emakumeen lekukotasuna bildu ditu CEAR-Euskadik ‘Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea’ liburuan. Gaur aurkeztu du. Amanda Andrades egileak nabarmendu duenez, kontakizun horiek protagonisten «ausardia eta erresistentzia» erakusten dute.
‘Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea’ liburua aurkeztu du CEAR-Euskadik. Protagonistak bost emakume dira, Hegoaldeko Mugatik Europara iritsi diren edo iristen saiatu diren bost etorkinen bizipenak jasotzen ditu.
Amanda Andrades egilearen hitzetan, «kontakizunek bost emakume horien ausardia erakusten dute. Askotariko indarkeria testuinguruetatik ihesi, muga errealez eta sinbolikoz jositako bide luze bati ekin zioten, Hegoaldeko Mugaraino. Laurek lortu zuten gurutzatzea eta gaur egun gure artean ditugu; beste bat, berriz, Marokon dago oraindik, nozbait muga igarotzeko itxaropenarekin».
«Kontakizun hauek Marie, Amina, Yanelle, Aya eta Joyrenak dira, baina beste milaka emakumerena izan zitezkeen, egunero beraien bizitzak, ametsak eta bizi-proiektuak mugek nola zeharkatzen dizkieten milaka emakumerena alegia», gaineratu du.
Andrades kazetaria, nazioarteko informazioan, giza eskubideetan, migrazioan eta feminismoan aditua da. Hamar urtez nazioarteko lankidetzako proiektuetan lan egin zuen Latinoamerikan eta Afrikan. Irudiak Amelia Celaya diseinatzaile grafikoak egin ditu.
Liburuaren abiapuntua CEAR-Euskadiko Intzidentzia eta Parte-hartze Sozialeko taldeak iaz Ceutan, Melillan eta Marokoko iparraldean eginiko ikerketa –‘Mugak gurutzatzen dituzten bizitzak’– izan da.
Beatriz de Lucasen gidaritzapean, ikertaile-taldeak Hegoaldeko Mugaren militarizazioa bertatik egiaztatu zuen. «Muga horretan, migrazio kontrolak migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen bermearen gainetik daude. Hain zuzen ere, gaur egun Hegoaldeko Muga gurutzatzen duten emakume gehienek bidean sexu indarkeria jasatzen dutela salatu dute», nabarmendu du CEAR-Euskadik.
De Lucasek plazaratu duenez, «mugetako sexu-indarkeria sistemikoaz gain, Saharaz hegoaldetik Europara bide horretatik datozen emakumeek beste era askotako indarkeria ere pairatzen dute, hala nola, beren ugalketa askatasunarekin lotutakoa, erakundeetako indarkeria eta indarkeria ekonomikoa. Indarkeria hori guztia dela-eta, emakumeek hainbat ondorio pairatzen dituzte; bortxaketen ondoriozko haurdunaldiak edo behartutako abortuak, arrazakeria, eta salaketa egitean etengabe haien lekukotasunak zalantzan jartzen dituzte. Gainera, Marokon dauden bitartean alternatiba ekonomikorik ez dutenez, sarritan, sexu-esplotazioan eta lan-esplotazioan sartzen dituzten pertsonen edo sareeen menpe erortzen dira».
Liburuaz gain, CEAR-Euskadik azalpen bideo bat aurkeztu du, emakume etorkinek ihesaldian eta Europara iristean bizi dituzten arriskuen gainean arreta deitzeko.