Hendaiako Frantzia Intsumituaren taldeak ikastola hartu du jomugan
Hendaiako Frantzia Intsumituaren taldeak agiria zabaldu du heldu den igandean Alderdi Komunistak Lapurdiko kostako hirian aurkeztuko duen zerrendaren alde bozka eskatzeko. Izan ere, agiri horretan gogor jotzen du udal Gobernua partekatu duten sozialista eta abertzaleen arteko aliantzaren kontra hiriko ikastolari «herriko eskola opari gisa emateagatik».
Jean-Luc Mélenchon frantses ezkertiar buruzagiak gidatzen duen Frantzia Intsumituak (FI) Hendaiak duen taldeak kostako hirian agiria zabaldu du heldu den igandean izanen den herriko bozen lehen itzuliari begira.
Agiri horretan, FIk «hautagaitza herritarra» sortzeko aukera ez delako gauzatu Hendaian bere damu agertzen du. Gauzak horrela, Alderdi Komunistak aurkeztuko duen zerrendaren alde boto ematera dei egin du plataforma ezkertiarrak. Laurent Toriol buru du aipaturiko zerrendak.
Arrazoi bi azaldu ditu Frantzia Intsumituak "Hendaye en comun" izena duen zerrendaren alde egiteko. Lehenik eta behin, bere ustez hendaiarrek eguneroko beharrak aintzat hartzen ez dituen Euskal Elkargoaren kontra argi eta garbi agertu delako. Eta bigarrenik, aipaturiko hautagaitzak Hendaiako Udalak «izaera komunitarista duen eskualde hizkuntz baten hezkuntza egitasmoa garatzen duen ikastola eskola pribatuari» herriko eskolaren eraikina «opari gisa» utzi izana kritikatu duelako.
Hain zuzen «izaera komunitarista duen eskualde hizkuntz baten hezkuntza egitasmoa garatzen duen eskola pribatu» gisa definitzen du Jean-Luc Mélenchon burua duen mugimendu ezkertiarrak ikastola.
Ikastolaren auzia
1971. urtean sortu zen Gure Ikastola izeneko ikastolak arazo franko ezagutu ditu azken urtetan matrikulazio etengabeko gorakadak aspalditik txiki utzi zuelako bere eraikina. Ikastola berria eraikitzeko zailtasunak atzeman ditu eta egoera horrek tirabirak sortu ditu.
Herriko Etxeak egoera desblokeatzeko xedez erdigunean dagoen eskola publikoaren eraikinean toki egin zion ikastolari. 2018. urteaz geroztik eskola publiko frantsesak eta ikastolak partekatzen dituzte aipaturiko lokalak.
Ezker hexagonalaren ordezkariek ez zuten begi onez ikusi erabakia, ikastola eskola pribatutzat jotzen dutelako.
Izan ere, esanguratsua da Mediabask hedabideak antolaturiko eztabaidan FIk sostengatu duen hautagaiak, Laurent Toriolek, ikastolaren egitasmoaren aurka adierazpenik egin ez izana.
Gainerako hautagaien aurka
Bere agiri horretan, bestalde, hauteskunde hauetan Emmanuel Macronek garatzen duen proiektuaren alde «boto bakar bat ez joatea» jokoan dela adierazi du FIk.
Hori esanda, berdin Kotte Ezenarro egungo auzapez sozialista buru zuen hautagaitza zein zentro-eskuineko oposizioak aurkeztu duen hautagaitza ez sostengatzeko dei egin du Frantzia Intsumituak zabaldu duen agiriaren bidez.
Jarraian, Hendaia Biltzen ez babesteko dei egin du FIK, alde batetik udal Gobernuaren baitan plataforma ezkertiar eta abertzaleak garatutako lana kritikatuz, batez ere, bere herri proiektua gogor gaitzetsiz, bide batez euskara eta ikastola jomugan berriro ere jarriz.
Hendaiako «bizikidetza eta armonia» bilatu ordez, «gizartearen banaketa eragiten duen eredua» babesten duela Hendaia Biltzenek «hizkuntza eta hezkuntza alorretan» iradoki du bere agirian Frantzia Intsumituak.