INFO

Koronabirusa dela-eta, Baionako Xingar Feria bertan behera

Baionako auzapezak eman du albistea gaur goizean. Aurten apirilaren 9tik 12ra ospatu behar zen Xingar Feria bertan behera geratu da. Atzo, frantses Gobernuak mila pertsonatik gora elkartzen dituzten ekitaldiak debekatzeko urratsa eman zuen koronabirusaren zabaltzea oztopatzeko xedez.

Xingarra dastatu eta erosteko aukera ematen du feriak milaka bisitari erakartzen du urtero. (Gaizka IROZ)

Xingar Feriak 30.000 lagunetik gora erakartzen du urtero Baionan. Pazko astebuaren bueltan antolatzen den azokak Baionako Xingar (Jambon de Bayonne) sormarkapean ekoizten diren mozkinak ohorean ezartzen ditu. Lapurdiko hiriburuko merkatuan eta inguruko karriketan postuak ezartzen dituzte produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eskainiz.

Hiru egunez luzatzen den feriaren denboran animazio ugari antolatzen dira Lapurdiko hiriburuan.

Baionako auzapez den Jean-Rene Etchegarayk gaur goizean FranceBleu irratian jakitera eman duenez, atzoko egunez frantses Gobernuak koronabirusaren zabaltzea ekiditeko xedez plantan eman zituen neurri murriztatzaileak aintzat hartuta Xingar Feria gibelatzeko urratsa eman dute.

Etchegarayk azaldu duenez, «gure asmoa ez da feria ez egitea, baizik eta behin koronabirusaren krisia gaindituko digunean ospatzea». Bere ustez, ekaina aldera posiblea izango litzateke Xingar Feriaren 558. edizioa ospatzea.

Xingar Feriak garrantzia handia du bai ekoizleentzat –urteko merkaturik handienetakoa da beraientzat– baita hiriarentzat ere.

Auzapezak azaldu duenez, seguruenik feria hori ez da izanen bertan behera utzi beharko duten ekimen bakarra. Hala, Lauga aretoan aurreikusen zituzten kontzertuak ere bertan behera utzi behar izan dituzte, hala nola hilaren 29an Barbara Hendricks-ek eskaini behar zuena.

Hainbat ekimen bertan behera Biarritzen

Koronabirusen krisiak antzeko neurriak hartzera behartu ditu beste hainbat hiritan ere bai. Hala nola, Biarritzen martxoaren 15ean iragarrita zegoen Rock The Ballet ikusgarria bertan behera utzi dute, baita martxoaren 20an Roman Freyssinen one-man-show delakoaren emankizuna ere. Martxoaren 24an Iris Celtic ikusgarria ere ez da ospatuko.

Finean, apirilaren 17tik 20ra egiteko zen Biarritz Beer Festivalen hirugarren edizioa urrira gibelatua izanen dela iragarri dute antolatzaileek.