Hiru hildako gehiago Araban; Euskal Herrian 553 koronabirus kasu zenbatu dira
Dagoeneko 553 koronabirus atzeman dituzte Euskal Herrian eta 14 lagun zendu dira, azken orduetan Araban beste hiru pertsona zendu eta gero. 209 lagun daude ospitale ezberdinetan eta bederatzik dagoeneko gainditu dute gaixotasuna.
Hiru lagun zendu dira Araban azken orduetan, koronabirusarekin lotuta, Lakuak jakinarazi duenez. Krisia Euskal Herrira iritsi zenetik, 14 dira hildako pertsonak. Guztira 553 kasu atzeman dira, 209 lagun daude ospitale ezberdinetan eta bederatzik dagoeneko gainditu dute gaixotasuna.
Lakuak eta Iruñeko gobernuek gaur eguerdian eman dute datuen eguneraketen berri eta Arabak jarraitzen du gaitzaren lehen lerroan. Guztira 310 positibo izan dira herrialdean, horietako 51 gaur. 131 pertsona daude ospitaleetan eta bederatzi zendu egin dira.
Nafarroan, berriz, 130 positibo zenbatu dira dagoeneko, atzo azken orduan baino 38 gehiago. Horietatik 33 daude ospitaleetan, 21 Nafarroako Ospitalean (hiru Zainketa Intentsiboen Unitatean), 5 Tuterakoan eta 7 Unibertsitate Klinikan (bat Zainketa Intentsiboen Unitatean). Gobernuak adierazi duenez, gainontzeko 97ak etxean izaten ari dira artatuak.
Bizkaian ere nabarmen egin du gor kutsatutakoen kopuruak. 83 dira dagoeneko baieztatutako positiboak, 12 azken orduetan. 40 lagun daude ospitaleetan eta, krisi hau hasi zenetik, bi pertsonek galdu dute bizia.
Gipuzkoan, aldiz, zortzi kasu berri antzeman dituzte. Beraz, guztira, 24 positibo izan dira herrialdean. Zortzi dira ere ospitalean jarraitzen dutenak eta hiru hil egin dira.
Ipar Euskal Herrian, infekzioak jauzia eman du ostiral honetan. Kasu bakarra zegoen orain arte, baina sei aitortu ditu gaur arratsaldean Pirinio Atlantikoetako Prefeturak.