INFO

«Zuhurtzia faltak» eragindako albo-kalte metatuen kronika

Hau ez da koronabirusa atzeman dioten pertsona baten kontakizuna, koronabirusa daukan gaixo batekin kontaktuan egon den pertsonarekin kontaktua izan duenarena baizik. Tartean, ustezko akats mediko bat, minbizia, eta nola jar dezakeen gaixotasun honek zenbait familiren egunerokotasuna hankaz gora. Korapilatsuegia. Hasieratik hasiko gara:

(Getty)

Isabelek (asmatutako izena, artikulu honen sinatzailearena bezala) pasa den ostiralean esan zidan bere 78 urteko osaba Donostiako Ospitalean ingresatu zutela minbizia atzemanda, plaketarik eta defentsarik gabe.

Egoera ez da erraza Isabelen familiarentzat. Isabelek berak ere minbizia igaro berri du, eta asteartean ospitalera eraman nuen, kotxez, bere osaba bisitatu zezan. Neurriak hartu zituen, eskuak garbitu, maskarila jantzi, badakizu, «koronabirusaren kontu honekin», eta jakinda Isabel gaixo zaurgarrien kategoria horretan sartuko litzatekeela… Badaezpada.

Astearte arratsaldea Isabelekin eta bere lagun batekin pasa nuen, ospitaletik bueltan; orduan, noski, prebentziozko neurriak hartu gabe, gertatuko zenaren arrastorik izan gabe. Bi arrazoi zeuden, gainera, besarkadak konpartitzeko. Batetik, osabak minbizia daukala eta, bestetik, Isabelek minbizia gainditu berri duela ospatu behar genuen.

Tira, atzera eginda, larunbatean gizon bat ingresatu zuten Donostiako Ospitalean, Isabelen osabaren gela berdinean, ustezko pneumonia batekin. Hurrengo asteazkenean, GARAko Donostiako erredakzioa utzita, Isabelen dei bat jaso nuen, esanez gizon honek positibo eman zuela Covid-19aren frogan eta, ondorioz, osabak ere izan zezakeela, Isabelek berak ere bai, bere lagunak, nik, eta Isabelekin harremana izan duen orok.

Ziurrenik, Donostiako Ospitalean koronabirusarekin kutsatutako lehenengoetariko kasua izango da gizon honena. Baina kontua da ingresatu eta lau egun igaro arte medikuek ez ziotela Covid-19aren proba egin eta, bitartean, Isabel eta bere osaba, jakin gabe, kutsatzeko arriskuan izan ziren, biak ala biak gaixo zaurgarriak izanik. Ospitaleak ez zuen neurririk hartu harik eta lau egunen buruan proba egin eta positibo eman zuen arte. Orduan isolatu zuten. «Beranduegi», Isabelen ustez.

Asteazken gauean, berak ere koronabirusa izan dezakeela eta, Osakidetzak espreski kasu hauetarako jarri duen telefonora (900 20 30 50) deitu zuen Isabelek. Bi ordu zain eta erantzunik ez. Tarte horretan, medikuak deitu zion, eta gomendatu zion 112ra deitzeko, minbizia pasatu berritan bere kasua berezia delako. Bertatik esan zioten telefono bidezko jarraipen berezia egingo diotela, sukarra eta gainontzeko sintomak kontrolpean izateko, baina probarik ez diotela egingo sintomarik garatzen ez badu.

Hala, inork ez du, momentuz, sintomarik garatu, baina ostegun goizean GARAko erredakziora deitu nuen egoera kontatzeko eta esan zidaten badaezpada etxean geratzeko. Egun horretan bertan, Isabeli jakinarazi zioten bere osabak ere positibo eman zuela koronabirusaren proban. 78 urteko gizona, minbiziagatik gorputzaren berezko defentsarik ez duena, koronabirusarekin. Isolatu egin zuten, eta familiari bisitak galarazi.

Ospitalean kexa jarrita

Osabak koronabirusa duela jakin bezain laster Donostiako Ospitalera joan zen Isabel, bertan kexa bat jartzera. Izan ere, ospitaleak katea hasieratik eten balu, bere osabak ez luke gaixotasuna garatuko eta Isabelek ere ez luke, printzipioz, arriskurik izango. NAIZen bitartez, gainera, familiak publikoki salatu nahi du ospitaleko «zuhurtzia falta». «Nola sartu eztul, sukar eta arnasketa zailtasunekin ingresatutako gaixo bat plaketa eta defentsarik gabe dagoen beste baten ondoan?». Gaineratu dute, bestalde, «oso gogorra» izan dela beraientzat egun gutxiren buruan bi diagnostiko horiek jasotzea: osabaren minbizia eta koronabirusa.

Egoera, hortaz, horrela dago: Isabelen osaba koronabirusarekin eta defentsarik gabe ospitalean isolatuta; Isabel sintomarik gabe baina etxetik ahalik eta gutxiena ateratzeko gomendioarekin; ni ere sintomarik gabe baina badaezpada etxetik lanean; eta denok, orokorrean, ziurgabe.

Hau ez da koronabirusa atzeman dioten pertsona baten kontakizuna, ekidingarria zen zuhurtzia faltak eragindako ziurgabetasun, arrisku eta babesgabetasun metaketa baten istorioa baizik.