INFO

Txertoa garatzeko aurrera pauso handiak eman dituzte jada mundu osoko laborategiek

Mundu osoko hamarnaka laborategi ari dira Covid-19a geldituko duen txertoan ikertzen, eta horietako lauk jada ia prest dute. Aurreratuen doana apirilean hasiko dira gizakietan frogatzen, baina horrek ez du esan nahi laster eskuratu ahalko dugunik, segurtasuna ziurtatzea garrantzitsua baita. Hala ere, bizitza ugari salbatuko dituela uste dute.

Sars eta Mers gaixotasunekin egindako ikerketez baliatu dira. (GETTYIMAGES)

Covid-19aren hedapena geldiaraztea lortu da murrizketei esker, baina oraindik erabat gelditu ahal izateko dexente falta da. Ikerlarien ahalegin guztiak txertoa garatzean oinarritzen dira.

Mundu osoko 35 konpainia eta erakunde akademiko inguru ari dira horretan lanean, eta gutxienez horietako lauk dute dagoeneko balizko hautagai bat, animaliengan probatutakoak. Lehenengoa, Bostoneko Novavax bioteknologia enpresa batek garatutakoarekin apirilean hasiko dira gizakietan saiakuntza klinikoak egiten.

Pertsona arruntei ikerketa motela iruditzen bazaigu ere, aurrekaririk gabeko abiaduran jardun dute, neurri handi batean Txinak Sars-CoV-2 birusaren material genetikoa sekuentziatzeko egindako ahaleginen ondorioz. Txinak urtarrilaren hasieran partekatu zuen sekuentzia hori, mundu osoko ikerketa taldeei birus bizia lantzeko eta giza zelulak nola inbaditzen dituen eta pertsonak nola gaixotzen dituen aztertzeko aukera emanez.

Ez zuten imajinatzen koronabirus batek mundu mailan mehatxua sortuko zukeen hurrengo birusa izango zela, baina hain zuzen ere birus mota horri buruzko aurrerapenek eta beste koronabirus batzuen txertoetan egindako inbertsioek ahalbidetzen dute ikerketek hain azkar aurrera egitea.

Izan ere, antzeko epidemiak izan dira jada azken bi hamarkadetan: 2002an Txinan Sars sortu zen eta 2012an Saudi Arabian Mers. Bi kasuetan txertoetan egin zuten lan, baina kasu berria agertzeari utzi zionean artxibatu egin zituzten lanak. Orain, egindako ikerketak baliatu dituzte konpainiek, azkarrago aurrera egiteko.

Adituek azaldu dutenez, Sars-CoV-2k Sars-a eragin zuen birusarekin bere material genetikoaren %80 eta% 90 artean partekatzen du.

Teknika berriak garatzen

Txerto guztiek antzera funtzionatzen dute: patogenoaren zati bat edo osoa dute, eta giza immunitate-sisteman injekzio moduan eta dosi baxu batean sartzen dira, sistemari antigorputzak sortzera bultzatzeko. Antigorputzak behin piztu direnez, azkar mugitu daitezke pertsona berriro birusarekin topo egiten badu.

Oro har, txertoak birusaren forma biziekin baina ahulekin egiten dira. Horren ondorioz, birusak gizakiaren gorputzean eboluzionatzen jarrai dezake, eta, horregatik, dosi altuagoak edo txertoak errepikatuak behar izan ditzake.

Hori dela eta, kasu batzuetan –Novavax, adibidez– Covid-19ari aurre egiteko txertoak egiterakoan teknologia berri bat erabiliz garatzen ari dira. Hala, birusaren kode genetikotik gizakiarengan erantzun inmunitariorik handiena eragiten duen elementua hartzen dute eta horrekin sortzen dute txertoa.

Orain arte dena ondo joan den arren, ikerlariek ezin dute jakin noiz egingo duen huts txertoak, eta esperientziak esaten du gizakiarekin frogak hastean gertatu ohi dela hori. Sor daitezkeen arazoak ahalik eta txikienak izateko hiru fasetan egingo dituzte froga klinikoak: lehenik, kutsatu gabeko hamarnaka bolondres txertatuko dituzte, botikaren segurtasuna frogatzeko; ondoren, ehundaka pertsonari jarriko diote eta horietariko gehienak kutsatutakoak izan beharko dira, txertoaren eraginkortasuna frogatzeko; hirugarren pausoa berdina da, baina milaka pertsonekin egiten dute froga.

Baina dena ez da hain erraza: batzuetan bolondresak ez direlako baliagarriak, besteetan txertoa ez delako eraginkora. Ahalik eta akats gutxien egiteko beharrezkoa da laborategiko lana patxadaz egitea: gripearen urteroko txertoari moldaketa txiki batzuk besterik ez dizkiote egin behar denboraldi bakoitzean, baina Sars-CoV-2 askoz konplexuagoa da, gizakiengan berria delako eta txertoak sortzeko teknikak ere berriak direlako.

Horri beste arazo bat erantsi behar zaio: txertoa prest dagoenean kantitate handiak beharko dira mundu osoan zehar zabaltzeko, eta ez dago ekoizpen hori jasan dezakeen enpresarik.

Txertoa behar duten pertsonei iristeko beharrezkoa izango da pauta batzuk zehaztea. Adibidez, gripearen aurkako txertoa populazioaren zati bati gomendatzen zaio soilik, zaurgarrienak direlako, gaixotasun tasa eta honen larritasuna ahalik eta baxuen mantentzeko.

Baina pandemia baten aurrean herrialdeek euren artean lehiatu behar dute. Orokorrean gehien kutsatzen diren herrialdeak osasun sistema ahulenak dituztenak izan ohi dira, hain justu ahalmen ekonomiko txikiena dutenak, eta, hortaz, txertoa lehen bait lehen lortzeko aberatsekin lehiatu ezingo direnak.

Gauzak horrela, uste dute txertoa prest egoten denerako gaixotasunak bere gailurra joa izango duela, eta murrizten hasiko dela. Hala ere, bizitza ugari salbatu ditzazke, batez ere birusa endemikoa bilakatzen bada edo, gripea bezala, urteroko kontua bilakatzen bada. Bitartean, egin dezakegun onena kutsatzea ekiditzea da eta horretarako nabarmentzen dute, behin eta berriro, neurririk onena eskuak garbitzea dela.