Bertsolaritza ere sartu zaigu etxeko egongeletaraino
Esperientzia soziala da bertsoa, besteen konpainian bizi dena, saretzetik eta partekatzetik edaten duena. Bizi ditugun egunotan, baina, bertsozaleak ere esparru berriak urratzen hasiak dira eta bertsolaritzak eskaintzen dituen online baliabideak erabiltzen hasi dira. Hona Bertsozale Elkartearen zenbait proposamen.
Bertsolaritzak urteak daramatza online plataforma ezberdinak profitatuz bertso saio oparoenak edota bertsoaldi behinenak sarean partekatzen. Zuzeneko saioen online salmenta edota txapelketetako emaitzen hedapena sare sozialen bidez ematen ere trebatuak dira honez gero. Bizi gaituen informazioaren gizarte honetara egokitzeko ahalegin etengabean ari da bertsolaritza, eta bertsozaleak ere ari dira egokitzen aldaketa horietara.
Egokitzapen horretan aurrerapauso itzela emango du asteotan zenbait bertsozalek. Izan ere, sarean apur bat arakatuz, bertsolaritzaren inguruan dauden dozenaka baliabiderekin egingo du topo, bertsoaren unibertsoan ate berri bat irekiz. Bertsolaritzarekin lotuko gaituzten baliabide horien hautaketa bat proposatu digu Bertsozale Elkarteak.
«Salbuespenak salbuespen, gure egunerokoa etxera ekarri behar izan dugu azken egunotan, eta bertan geratzea egokituko zaigu datozen asteotan ere. Bakarrik. Pisukideekin. Gurasoekin. Seme-alabekin. Bikotekidearekin… egoeraren arabera, bidelagun bat edo beste egokitu zaigu berrogeialdian. Etxetik mugitu gabeko bidaia honetan bertsoa ere bidaide aparta izan daitekeelakoan, erraztasunak eman nahi ditugu bertsolaritzarekin ondo pasatzen jarraitzeko, sortuz eta entzunez», azaldu dute elkartetik.
Proposatzen duten baliabide zerrenda bertsolaritza lantzeko bi tresnarekin abiatzen da: Bertsoikasgela.eus eta Bertsoeskola.eus. Lehena, Bertsozale Elkarteko irakasleek bertsolaritza lantzeko ikasgelan baliatzen duten ataria da eta bertan, irekian, zenbait eduki erabiltzeko modua dago, tartean jolasak, bertso sortak edo bat-bateko saioak. «Bertsolaritzaz etxeko gazteekin aritzeko aparta», ziurtatu dute.
Bertsoeskola.eus, izenak dion bezala, bertso-eskolentzako ataria da eta, bertan, haur zein heldu, trebatu zein hasiberri, denentzat aurki daitezke baliabideak. «Baldintza bakarra: bertsotan eginez eta entzunez ondo pasatzeko gogoa izatea».
Bertsotan aritzeko alfertuta bagaude, eseri eta ikusteko proposamenak ere eskaintzen dizkigu Bertsozalek. Bertsoa. eus atarian, adibidez, ikus-entzunezko ugari topa daitezke: jaialdiak, bertso afariak, emanaldi bereziak… Eta beste aukera bat ‘Hitzetik Hortzera’ online ikustea da: 2008tik gaurdaino eskaini diren atal oro dago ikusgai sarean.
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala galdu zenuela? Ba hori berreskuratzeko abagunea ere izan daiteke honakoa, BECeko goizeko eta arratsaldeko saioak ere bai baitaude sarean.
Eta, noski, bertsolaritzaren inguruko dokumentalek ere badute lekurik zerrenda honetan: ‘Mundu bat ahoz aho’ (munduko kantu inprobisatuen inguruan Mintzolak osatutako dokumentala), ‘What is bertsolaritza?’ (Etxepare eta Mintzolak bertsolaritza ezagutzen ez duenari azaltzeko prestatutako 20 minutuko bideoa), ‘Bertsolari’ (bertsolariaren jardueraz Txintxua Films-ek egindako ekoizpena), ‘Bertsoaren aldagelan’ (2013ko Bertsolari Txapelketaren Finala barrutik ezagutzera gonbidatu gintuen lana, Lander Garrok sinatua) edota ‘Beste larogei urtian’ (Bertsozaleren 25. urteurrenerako egindako ikus-entzunezkoa).
Eta, azkenik, egongelako sofatik altxa gabe baina telebista itzalita, Xenpelar Dokumentazio Zentrora ere jo daiteke (birtualki) informazio bila. Zentro honek jasotako ondarearen zati handi bat bildu eta bdb.bertsozale.eus atarian du eskuragai.
Ez dago aitzakiarik, beraz. Berrogeialdian egonda ere bertsolaritzaz gozatzen jarraitzeko aukerak dozenaka baitira sarean ere.