INFO

Akordioa Mercedes-Benzen, oporrak aurreratuta eta prestazioaren %80arekin

Joan den asteartean enpresako 5.000 langileentzat «inongo konpentsaziorik» gabeko ERTE bat iragarri ondotik, Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak akordioa lortu dute. Honen arabera, langileek oporrak aurreratuko dituzte eta enpresak langabeziako prestazioaren %80a osatzeko konpromisoa hartu du.

Kasik 5.000 langilek egiten dute lan Gasteizko Mercedes-Benzen plantan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak akordioa lortu dute koronabirusaren krisi honetan ERTE bat aplikatzeko. Itun honen arabera, enplegu-erregulazioko espedientea martxoaren 16tik aurrerako ondorioekin aplikatuko litzateke eta langabeziaren prestazioaren %80a osatuko luke enpresak.

Mercedesek ERTEaren aplikazioa ahalik eta gehien luzatzea eskaini die langileei eta horretarako aurreko urteetatik hartu gabe dituzten opor egunak hartzea proposatu die. Fabrikaren produkzioa berriz hasten denetik urtebeteko epean inor ez kaleratzeko konpromisoa ere hartu du.

Enpresa batzordean ordezkatutako sindikatu guztiek sinatu dute ituna (UGT, ELA, CCOO, PIM, Ekintza eta ESK), LABek izan ezik. Honek baztertu egin du.

Joan den asteartean zuzendaritzak ERTE bat iragarri zuen langile guztientzat –ia 5.000–, «inongo konpentsaziorik gabe». Baina ordutik elkarrizketan aritu dira zuzendaritza eta enpresa batzordea, akordioa lortu arte.

ERTEa apirilaren 11n bukatzea eta 14an produkzioa berriro hastea dago aurreikusia, justu Aste Santuko oporren ondotik, nahiz eta espedientea alarma egoeraren arabera luza daitekeen.

ELA: «Akordioak langileen osasuna bermatzen du»

Ohar batean, ELAk positiboki baloratu du Mercedesen lortutako akordioa, krisi honen hasieran langileek definitu zituzten lehentasunak betetzen dituelako: «Langileriaren osasunaren zaintza eta babesa. Akordioak, gainera, lan baldintzak hobetzen ditu».

ELAk azaldu duenez, enpresa batzordeak, egoeraz jabeturik, neurriak hartzera behartu zuen zuzendaritza. «Ez dezagun gure burua engainatu: enpresak ez zituen neurri horiek hartu behar. Gure mezua argia zen: langileen osasuna zen lehentasun bakarra».

Gertatutakoa oroitzea ezinbestekoa dela deritzo. «Lehenik eta behin, osasuna babesteko neurrien faltagatik, batzordeak planto egin zuen. Bigarrenik, azken aste honetan enpresaren eta alde sozialaren artean hiru bilera izan dira. Ez dugu kontakizunaren manipulaziorik onartuko; Mercedes-Benz enpresarentzat bere ia 5000 langileen osasunaren babesa ez da inoiz lehentasuna izan, eta egoera honetara iritsi baldin bagara langileriaren konpromiso, borroka eta elkartasunagatik izan da».

ELAk funtsezkoa ez den lan aktibitate osoa eteteko borrokan jarraituko duela baieztatu du.

LAB: «Itunak langileei ordainarazten die krisia»

LABek ez du akordioa babestu, bere «marra gorriak» gainditzen dituelako: «Langileen lan baldintzak kaltetzen ditu, krisi hau langileei ordainarazten die eta ez du enplegua bermatzen».

Mercedes, aldiz, «osagarri ekonomiko minimo batera soilik egongo da behartuta, espedientea ezartzen denean soilik eta hau, kasu askotan, egun gutxitara mugatuko da, indarrean sartu aurreko egun guztiak langileen kontura izango direlako». Honekin lotuta, sindikatuak nabarmendu du ERTEa ezartzeagatik onura ekonomikoak izango dituela enpresak. «Gizarte Segurantzara kotizatu beharrekoaren %75etik salbuetsita egongo da, zalantzarik gabe osagarria ordaintzeko baliatuko duena».

Honekin batera, LABen ustez, Mercedes egoeraz baliatu da etorkizunezko balizko enplegu-erregulazioko espediente baterako baldintzak finkatzeko, langileek eta euren ordezkariek hauek hobetzeko aukerak ezeztatuz.

LABen iritziz, aukera ona galdu da sindikatuen batasunetik eta langileen babesarekin, enpresak konpromisoak har zitzan guzti honen kostua, gutxienez, partekatua izateko. Batzordearen tinkotasunak eta langileen aktibazioak ekarri gaituzte honaino eta azken hauen lan baldintzak kaltetuko dira, zorrozki legala denetik harago, eta oso garesti ordaindu behar izango dute. Eta guztia ziurrenik egun gutxitan ezarriko den osagarri mugatu baten truke».

Edozein modutan, Mercedeseko langileak zoriondu nahi ditu erakutsitako tinkotasunagatik eta bere konpromisoa berretsi nahi du langileen osasuna, enplegua eta lan baldintzak defendatzeko.