Deustuko Unibertsitateak koronabirusari aurre egiteko materiala fabrikatuko du
Deustuko Unibertsitatea, Deustu FabLab laborategiaren bidez eta 3D inprimagailuei esker, ospitaleetarako eta pertsona nagusien egoitzetarako koronabirusari aurre egiteko materiala egiten hasiko da. Besteak beste, laborategiak babesteko biserak, intubazioetan babesteko kutxak edo arnasgailuak fabrikatuko ditu.
Deustuko Unibertsitateko fabrikazio digitaleko laborategia, Deustu FabLab, osasun materiala ekoizten hasiko da, ospitale eta pertsona nagusien egoitzetarako, Covid-19ari aurre egiteko. Elementu horiek 3D inprimagailu edo laserraz egingo dira, Unibertsitateko Bilboko campuseko FabLaben dauden tresnekin.
Ohar batean azaldu duenez, helburua da ahalik eta behar den eta eskatzen den osasun materialik gehien eta aukerarik zabalena fabrikatzea, hala nola «babesteko biserak, birusaren kontrako heldulekuak ateak zabaltzeko, koronabirusa duten pazienteak intubatu behar direnean osasun langileak babesteko kutxak, arnasgailuak edo maskaretarako ukondoak eta konektoreak, etab».
Unibertsitatea IMQ osasun aseguruetxe pribaturekin, CovidEuskadi EAEko koronabirusaren kontrako maker komunitatearekin edo Zorrotzaurreko OpenSpace-rekin harremanetan dago iada.
CovidEuskadi, DYA eta Gurutze Gorria materiala banatzeaz eta logistika bideratzeaz arduratuko dira. Deustuko Unibertsitateak azaldu duenez, «ospitaleek, egoitzek, Poliziak, Ertzaintzak edo farmaziek izan dezaketen edozein beharrizan zuzenean ere artatu ahal izango den arren, beharrizana ahalik eta denborarik laburrenean estaltzea da».
Deusto FabLab berrikuntza eta produktu eta zerbitzu berrien garapenerako zentro bat da, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen barrukoa eta Industria Diseinuko Ingeniaritzako graduari estuki lotuta dagoena. Fabrikazio digitaleko eta objektuak ekoizteko teknologietako fabrikazioko eta berrikuntzako 1800 laborategik baino gehiagok osatzen duten mundu mailako sare baten partaide da.