Bizkaiko pentsiodunen asteleheneko protestan, gas eta elektrizitate enpresak jomugan
Gas eta elektrizitate arloko bost enpresa nagusiek 2020an akziodunen artean 5.500 milioi euroko dibidenduak banatzeko iragarpena gaitzetsi nahi du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak. Horretarako, astelehen honetan balkoietatik protesta egitera deitu ditu herritarrak. Hurbileko pertsona galdu dutenei eta zahar egoitzetan «isolatuta» daudenei elkartasuna ere adieraziko diete.
Duela bi aste pentsiodunen plataforma ezberdinetako zapi edo ikurrak zintzilikatu zituzten balkoietan. Pasa den astelehenean elkartasun mezuak lau haizetara zabaldu eta kazerolada egin zuten Hego Euskal Herriko pentsiodunek, azken bi urteetan, astelehenero, kaleetan egiten zuten elkarretaratzeei segida emateko konfinamendu egoeran ere.
Astelehen honetarako dei berri bat egin du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak. 12.00etan balkoietara irtetera animatzen ditu herritarrak, hurbileko pertsona bat galdu duten horiei eta zahar egoitzetan «isolaturik» daudenei elkartasuna adierazteko. Era berean, erabiltzaileen beharrak behar bezala erantzuteko, «behar diren osasun, prebentzio eta laguntza-baliabideak egotea» exijituko dute mobilizazio honen bitartez.
Honez gain, baina, astelehenko protestak beste gai bat izango du jomugan. Oraingoan gaitzetsi egingo dute gas eta elektrizitate arloko bost korporazio garrantzitsuenek egindako iragarpena; hau da, 2020an akziodunen artean 5.500 milioi euro banatuko dituztela dibidenduetan.
Gaur egungo egoeran «pobrezia energetikoa areagotzen» ari dela ohartarazi dute pentsiodun bizkaitarre eta horregatik, iritzi dute «ordainketa barkatu egin beharko» lieketela ordaindu ezin duten pertsonei. Honez gain, gutxienez, «enpresa horien irabazien %50 osasun-zerbitzu eta zerbitzu publikoetara bideratu beharko lituzkete».
Behar kolektiboak asetzea
Ohar baten bitartez adierazi dute ekonomiak behar kolektiboak eta pertsonalak asetzea izan behar duela helburu, «eta ez gutxi batzuen aberastasuna».
«Bizitza, osasuna eta pertsonak lehentasunezkoak dira», azpimarratzen dute eta beraz, ezin dela onartu hildako bat ere «hori ekiditeko behar diren baliabideak garaiz ez iristeagatik».
«Gobernuek, behar diren erabaki politiko eta ekonomikoak hartu behar dituzte, krisian eta krisiaren ondoren pertsona guztiek bizi-baldintza duinak lor ditzaten, kalitatezko enpleguaren, pentsio duinen, zerbitzu publiko unibertsalen eta behar adinako prestazioen bidez», aldarrikatu dute.