INFO

15 lagun gehiago hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan azken orduetan

Denetara, 91 izan dira orain arte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan koronabirusarengatik hildakoak, 301 atzemandako positiboak eta 25 osatutakoak.

Guztira 91 dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hildakoak(Jon URBE/FOKU)

Adinekoen egoitzak dira, ezbairik gabe, Gipuzkoan koronabirusak larrien erasotutako guneak eta azken orduak bereziki latzak izan dira. Eider Mendoza foru bozeramaileak, 5.425 pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetako egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta zehaztu du azken orduetan 15 lagun zendu direla eta 20k eman dutela positibo Covid-19n. Guztira, beraz, 91 heriotza eman dira, 301 positibo eta 25 lagun sendatu dira.

Azken heriotzak eman diren egoitzak Iturbide (Arrasate), Berra (Donostia), Egogain (Eibar), San Jose (Ordizia), Iurreamendi (Tolosa), Santa Ana (Zarautz) eta Otezuri (Zumaia) izan dira.

Atzoko datuekin alderatuz, azken orduetan egoitza bat gehitu da positiboak dituztenen zerrendara, Eskoriatzako Jose Arana, bi kasu asintomatiko atzemanda; hortaz, 16 dira guztira Covid-19ak eragindako egoitzak. Bestalde, 35 pertsona eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 36 daude ospitaleratuta.

Datu gehiagorik ez

Nafarroan, Ipar Euskal Herrian ezta gainontzeko herrialdeetan ez dute gaurko daturik. Araban jasotako azken datuak atzokoak dira eta denera 107 ziren adinekoen egoitzetan bizi ziren hildakoak, horietako 57 ospitaleetan hildakoak eta gainontzeko 50ak egoitzetan bertan.

Bizkaiko kasuan, Foru Aldundia ez da, hilabetea amaitu arte, hildakoen kopuru zehatzik eskaintzen ari, baina orain gutxi jakin ahal izan zenez, apirilaren 10ean 109 ziren adinekoen egoitzetan izan ziren hildakoak apirileko lehen egunetan.