INFO

Ortuzar: «Gizarteak itxaropena eta konfiantza proiektatzeko begirada izan behar du»

Aberri Eguneko ospakizuna desberdina izango da gaurkoan eta EAJk Andoni Ortuzarri hitza ematea erabaki du. Bideo baten bidez osasun egoera eta egoera ekonomikoa izan ditu gogoan, eta tokian tokiko instituzioetan jarri du konfidantza etorkizunean izango dugun egoeratik ateratzeko.

Ortuzarrek koronabirusaren ondorioz hil diren pertsonak gogoan izan ditu. (EAJ)

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, hartu du hitza EAJren izenean ezohiko Aberri Egun honetan. Bideo baten bidez, koronabirusarekin sufritzen ari direnak gogoan izan ditu, baita galera ekonomikoak izaten ari direnak zein egoerari aurre egiteko lanean ari direnak, eta etorkizunera begira itxaropentsu azaldu da.

Lehen Aberri Egunaren 88. urteurrena «salbuespen egoera batean» ospatuko dugula esan du lehenik, «zazpi euskal herrialdeetan, bakoitza bere etxean sartuta». «Hainbat pertsona hil dira koronabirusaren eraginez, pandemia honetan milaka pertsona daude ospitalean, eta dozenaka mila lanpostu arriskutan, gure herriko egoera ekonomikoak gogor kolpatzen ari den osasun-krisi baten ondorioz», azpimarratu du.

Hala ere, uste du «gure gizarteak itxaropena eta konfiantza proiektatzeko begirada» izan behar duela, «itxaropena eta lan nekaezina» baitira «egun hauetan hil diren emakume eta gizonak omentzeko daukagun onena».

Ortuzarrek esan duenez, Aberri Egunaren 88 ospakizunetatik, ia erdiak baldintza berezietan ospatu behar izan dira. «Hiru urte gerra baten erdian, berrogei gehiago diktaduran, klandestinitatean eta erbestean. Baina zailtasun eta oztopo guztien gainetik, beti ospatu eta aldarrikatu dugu 'Euskotarren Aberria Euskadi da'. Esaldi soil bat da, baina bere baitan gordetzen ditu Herri batek aske izateko daukan nahia».

Aurtengo ospakizuna, «etxetik baina euskal lurzoruan» egingo dugula adierazi du, «Herri hau antzina-antzinatik hartu duen lurraldean, datozen mendeetan ere hartzen jarraituko duelarik». EAJren hitzetan, etorkizunean euskal gizarteak edozein erronkari aurre egiteko daukan indar, kemen eta gogoa izango du. «Bide hori egiteko gaitasuna duten erakundeak ditugu, urratsez urrats Euskadi aske eta burujabea eraikitzera eramango gaituztenak», esan du.

Era berean, azpimarratu du egun hauetan alderdiaren lehentasuna «euskal herritarrak zaintzea eta babestea» dela. Zentzu horretan, txalotu nahi izan dute osasun arloko profesionalak, esparru sozio-sanitarioko langileak, oinarrizko zerbitzuetarako eta segurtasuneko langileak, «denak ari direlako koronabirusaren aurkako borroka honetan. Gure abertzaletasuna, euskal nazio-kidetasun sentimendu eta ideologia hau partekatu ala ez, gure begietara denak dira abertzale eredugarriak, hori baita abertzaletasunik onena: gure gaitasun guztiak eskaintzea Herri honetan eta bertako kide bakoitzaren onerako».

Alarma amaitzen denean

Osasun krisia amaitutakoan «egoera sozial eta ekonomiko latzari aurre egin» beharko diogula dio Ortuzarrek, eta bere ustez, beste batzuetan bezala, «oraingoan ere jakingo dugu elkarrekin ateratzen orain gaindiezina dirudien, baina zalantzarik gabe gaindituko dugun egoera batetik».

«Hemendik aterako gara, jakina aterako garela! Eta gizarte gisa indartuta ateratzea lortu behar dugu», esan du itxaropentsu. Pandemia eta osasun, gizarte eta ekonomia arloko ondorioak globalak diren arren, EAJk uste du «zoritxarrez gaur egungo mundu hau ez da gai erantzun globalak emateko, Europa ere ez da horretarako gai izaten ari». Horregatik irizten du beharrezkoak direla tokian tokiko erantzunak, «oinak lur gainean sendo jarrita eta inguratzen gaituen errealitatea ondo ezagututa».

Horregatik, aldarrikatu du «euskal erakundeek gaitasun osoa izan behar dutela aurrean dugun lan handia egiteko behar diren tresna eta eskumen guztiak beren eskuetan izan ditzaten».

Hala, EAJren etorkizuneko helburua «Euskadirentzat ahalik eta gobernu mailarik handiena eta euskal herritarrentzat erabakitzeko gaitasun mailarik handiena lortzea» dela esan du Ortuzarrek.

Bere agerraldia amaitzeko, abertzaletasun mezu bat zabaldu nahi izan du EBBko presidenteak: «gaur Ikurrinekin eta etorkizun hurbilean Herri honetako kale eta herrietatik, harrotasun handiz aldarrika dezagun abertzaleak garela, Euskal Aberria dela gure aberria, gure etxea, Euskaldi aske eta osasuntsua, bakean bizi dena. Gora Euskadi askatuta!»