INFO

500.000 milioi euro mugituko ditu Eurotaldeak pandemiaren ondorio negatiboak gutxitzeko

Europar Batasunak neurri eta gomendio gehiago onartu ditu krisi honen kalteak gutxitzeko. Urrats ekonomikoen artean honakoa nabarmendu du: 500.000 milioi euro mugituko ditu, «aurrena osasun kostuei aurre egiteko, gero enpresa txiki eta ertainei maileguak emateko eta hirugarrenik langile eta autonomoak babesteko».

Janez Lenarcic krisi egoeretarako europar komisarioa, koronabirusaz mintzatzen. (Francisco SECO/POOL/AFP)

Eurotaldeak 500.000 milioi euro mugituko ditu pandemiaren ondorioei aurre egiteko. Hiru zatitan eginen duela azaldu du: lehenik, 240.000 milioi erabiliko ditu (MEDE erreskate funtsetik) Europar Batasuneko gobernuek osasun kostuak ordaintzeko. Bigarrenik, 200.000 milioi baliatuko ditu (Europako Inbertsio Bankukoak) bereziki enpresa txiki eta ertainei maileguak eskaintzeko.

Hirugarrenik, Europako Batzordearen SURE planeko 100.000 milioirekin «langile eta autonomoak babestuko» ditu. Gainera, 750.000 milioiko erosketa plan bat jarriko du martxan (Europako Banku Zentralaren diruarekin). Eta Batasuneko epe luzerako aurrekontua birbideratzea aztertzen ari da, Covid-19ari aurre egiteko.

Arauak malgutu

Gastu publikoarekin eta enpresa eta sektoreei ematen zaizkien laguntzeko lotutako arauak malgutu ditu EBk. Egoera honetan, Batasunak osasunean eta langile eta enpresei emandako laguntzetan gehiago gastatzea baimentzen die estatuei.

Bestetik, 2020ko abendura arte, estatuek beharrezko neurriak hartu ahalko dituzte beren ekonomiak babesteko, estatuen laguntzen arauak ere malgutu baititu Europar Batasunak.

Osasunean

Batzordea erreserba bat sortzen ari da, osasun materialarekin, arnasgailuak eta maskarak kasu. %90a EBk finantzatuko du, printzipioz 50 milioi euro jarrita. Eta Batzordeak kudeatuko du materialaren banaketa. Dagoeneko argi utzi du gehien behar duten herrialdeetara bideratuko dituztela bereziki.

Bertze berrikuntza bat BEZa eta aduanen eskubideak ezabatzea da, osasun materialaren inportazioa errazteko. Sei hilabetez aplikatuko da neurri hori, baina baliteke luzatzea.

Ikerketan

140 milioi eurorekin lagunduko ditu EBk proiektu eta zientzialariak, Covid-19aren aurkako txertoa, diagnostiko azkarrerako frogak eta tratamendu berriak garatzeko.

Azkenik, atzerrian dauden EBko biztanleak etxera itzultzeko 75 milioi euro eta kasik ehun bat hegaldi bideratuko ditu. Batasunaren kalkuluen arabera, 100.000 biztanle baino gehiago daude etxera itzuli nahian krisialdi honetan.