INFO

‘Elkartasun borroka’, itxialdia arintzeko abesti dantzagarria

Aizkorak Zorroztu eta The Mia Wallace Band taldeak itxialdia arintzeko kanta berria sortu du: ‘Elkartasun borroka’. Etxeetatik egindako ekimenean hainbat kideren laguntza izan dute, besteak beste, Olatz Salvador, Eneritz Furyak eta Julen Telleriarena. Lana asteazken honetan aurkeztu da.


Hilabete pasatxo igaro da itxialdia abiatu zenetik eta egoera eramangarriagoa egin nahi die zaleei Aizkorak Zorroztu eta The Mia Wallace Band taldeak. Etxean egindako kantua eta bideoklipa sortu eta grabatu dute, ‘Elkartasun borroka’ deitua, eta asteazken honetan aurkeztu dute. Bideoa, dagoeneko, ikusgai dago Youtube atarian.

Egitasmoa aurrera ateratzeko bidelagun izan dituzte Olatz Salvador, Eneritz Furyak, Zakil Onil eta Julen Telleria aurpegi ezagunak, baita Tafallako auzolagunaren hainbat kide ere. «Iragan irailean gonbidatu gintuzten beste hainbat taldeen artean kontzertu bat emateko Tafallan uholdeek eragindako kaltek leuntzeko helburuarekin eta guretzat egin zuten guztia elkartasunaren adibide ikaragarria izan zen. Horregatik gonbidatu ditugu bideo honetara», argitu dute ohar bidez.

Sustatzaileek azaldu dutenez, «dantza pauso bat ikasten» esaldia hartu dute oinarri, aurreko egunetan Fermin Muguruzak zabaldu duen kantatik eta testutik. «Beti bezala, sortzeko bultzatzaile ikaragarria denez, kasu honetan ere inspirazioa izan da guretzat kanta hau egiteko». Irribarre bat eragiteko sortua, «zaila izango da bideoa ikusi eta gero kanta berria publikoki ez kantatzea eta dantzatzea», aipatu dute, umorez.