INFO

Presoei senideekin ikusizko komunikazioa izatea ukatzen zaiela salatu du Etxeratek

Gatibu dagoen pertsona orok bideo-deiak egin ahal izateko baliabideak badaudela baieztatu du Etxeratek. Elkartearentzat beharrezko neurria da hori, espetxe barruko bizia minimoetan dagoela kontuan hartuta; ez baitago komunikaziorik, ez tailerrik ezta ekintzarik ere.

Etxeraten agerraldia Hernanin, joan den otsailean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Badaude baliabide materialak gatibu dagoen pertsona orok bideo-deiak egin ahal izateko, Etxeratek ziurtatu duenez. «Gainera, ez dakar gasturik; borondatea eta funtzionamendurako zentzuzko jarraibide argiak besterik ez dira behar». Beharrezko ikusten du senide eta lagunen elkarteak ikusizko komunikazioa posible egitea, espetxe barruko bizia minimoetan dagoela kontuan hartuta; ez baitago komunikaziorik, ez tailerrik ezta ekintzarik ere.

Beldurra eta ezjakintasuna sortzen duen egoera hau «are gogorragoa da» preso dauden pertsonentzat. Beraz, «gaixorik daudenen osasunak (presoarena edo bere senidearena) eta pekuliorik ez duten pertsonek lehentasuna dutela jakinda, zergatik ukatzen zaie haien senideekin ikusizko komunikazioa edukitzeko aukera?», galdetu du.

«Dei arrunt baten eta bideo-dei baten arteko ezberdintasuna argia da, batez ere adin txikiko seme-alabei, adin nagusiko gurasoei, arazo psikologikoak dituzten pertsonei, animoz gaizki dauden pertsonei edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei egin behar badizkiete», erantsi du.

Espetxeetako egoera

Espetxe-erakundeek espainiar Estatuko kartzeletan pandemia ez zabaltzeko hartutako neurri sendo bakarra ohiko eta ezohiko komunikazioak etetea izan dela jakinarazi du Etxeratek. Eta beste aukerarik ez egotea zalantzan jarri du.

Senide eta lagunek helarazitako informazioaren ondorioz, kontaktua mantentzeko espainiar eta frantziar estatuetako 55 espetxetan (emakumeentzako bederatzi modulu eta amentzako bi modulu tartean) ezarritako neurriak ez direla nahikoak baieztatu du.

«Kasu gutxi batzuetan izan ezik, presoei ez zaie bideo-deiak egiteko aukeraren berri eman, haien senide eta lagunen bitartez jakin izan dute. WhatsApp plataformaren bitartez 10-15 minutuko bideo-deiak egin izan dira ondorengo espetxeetan: Almeria, Caceres (astean behin), Castello –emakumeak–, Granada (ezohiko egoeretan, heriotzak kasu), Herrera, Jaen, Logroño –emakumeak–, Murcia I (orain hastear), Ocaña (baimendu dira baina estaldura arazoengatik ezin izan dituzte egin), Puerto III, Villabona (gizonezkoak eta ezohiko egoeretan), Teruel, Villena eta Zaballa», zehaztu du elkarteak.

Bestalde, presoei ez diete tarifan murrizketarik ezarri. Etxeratek aukera hori proposatu du astean egiten diren dei kopurua igo delako eta horrek ekonomikoki gastu gehigarri bat suposatzen duelako. Postari dagokionez, Correosek ezarritako neurriak kontutan hartu beharko diren arren, ia 20 espetxetara ez dira gutunak iristen.