INFO

Koronabirusaren oinarrizko lexikoa plazaratu du Euskaltzaindiak

Covid-19aren harira, hitz ugari ikasi behar izan ditugu gehienok, albisteetatik nahiz osasun arduradunen esanetatik, eta ohikoenak jasotzeko saioa egin du Euskaltzaindiak UZEIrekin batera prestatu duen lexiko berrian.

Euskaltzaindiaren eta UZEIren koronabirusaren lexikoa. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak koronabirusaren oinarrizko lexikoa kaleratu du, UZEIrekin lankidetzan, besteak beste euskarazko hedabideei laguntzeko asmoz. Euskaltzaindia.eus webgunetik deskarga daiteke lexiko hori.

«Hizpide nagusia bihurtu zaigu azken asteotan Covid-19 gaixotasuna, eta pandemia horrek denon bizitzetan dagoeneko izan duen eta izango duen eragina ere ez da nolanahikoa», adierazi du Euskaltzaindiak.

Horren harira, hitz ugari ikasi behar izan ditugu gehienok, albisteetatik nahiz osasun-arduradunen esanetatik, eta ohikoenak jasotzeko saioa egin du euskararen akademiak UZEIrekin batera prestatu duen lexiko berrian.

Oinarriak

Azaldu duenez, lexikoan oinarritzat hartu dira Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa, beste iturri batzuen artean. Horiekin batera, euskarazko komunikabideetan (orokor nahiz espezializatuetan) pandemia honi buruz hitz egiterakoan nagusi den erabilera ere kontuan hartu da.

«Koronabirusaren oinarrizko lexikoa, halere, gaiarekiko lehen hurbilpen-saioa baino ez da, eta, beraz, ez da prestatu exhaustiboa izateko helburuarekin», argitu du.

Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izatea erabaki zuen iaz, eta bi erakundeon arteko lankidetzaren emaitza da ostegun honetan plazaratu den lexikoa.