INFO

Atzerritarren integrazio zailtasunak azaleratu ditu epidemiak Suedian

Batzuen iritziz informazio faltagatik, beste batzuentzat diskriminazioagatik... kontua da Suedian atzerritik iritsitakoak direla koronavirusak gogorren jo dituena. Egoerari buelta emateko asmoz, hizkuntza ezberdinetan kanpaina bultzatu du Gobernuak. Hala ere, ez da informazio kontua bakarrik. Ohitura sozial desberdinak, komunitate bakoitzean sare sozial eta hierarkia propioak.. integrazio kontua, hain zuzen ere, bere zailtasun eta akats guztiekin.

Gazte taldeak kontratatu ditu Stokolmeko Udalak 20 hizkuntatzan jendeari koronavirusaren arriskuaz ohartaratzeko. (Jonathan NACKSTRAND| AFP)

10,3 millioi biztanle dituen herrialdeak, kanpotik iristen direnak eskuzabaltasunez hartzen dituelako mundu osoan ezaguna, 400.000 pertsonei eskaini die asiloa edo familia biltzeko eskubidea 2010-2019 bitartean.

Hori bai, 2015ean eman zen errefuxiatuen krisiaren ostean mugata kontrolak berrezarri zituen eta harrerarako baldintzak gogortu zituen.

Egoera honetan, integrazioa zaila da hirietako eta herrietako auzo txiroetan bizi diren etorkin eta errefuxiatu askorentzat, suedarrez hitzegiten ez dutelako eta lanik gabe daudelako,  langile oso gaituak eskatzen duen lan merkatuan gainera.

Herialdeko Osasun Publikoaren Agentziak jakitera eman duenez, Somalian jaiotakoak dira Suedian koronavirusak gehien kutxatu dituenak. Iraken, Sirian eta Turkian jaiotakoak atzetik datoz.

«Talde hauek kontutan hartu behar ditugu, bakoitzari babesteko ondo datozkion mezuak zabalduz», onartu du Anders Tegnell epidemologoak, egoera honen arrazoiak ez dakizkiela gaineratzen duen bitartean.

Stokolmen, Suediako hiriburu  eta epidemiaren epizentroan, atzeman diren 13.000 kasuen %40a jatorriz atzerritarrena da. Zonaldeka, auzo txiroak dira bide batez kaltetuenak.

500.000 pertsona bizi dira «zonalde ahuletan», gobernuaren deituran, giza eskubideen aldeko Global Village erakundeak iaz kaleratu zuen ikerketa baten arabera.

Gaur arte, Suediak inguruko herrialdeekin alderatuta, neurri nahiko arinak hartu ditu. Agintariek norberaren arduraren eskuetan utzi dituzte neurriak aplikatzea: isolamendu soziala, arau hijieniko zorrotzar eta sintomak atzeman eta gero konfinamendua.  Debeku bakarrak 50 pertsonatik gorako bileratan eta residentzetara bisitatan ezarri ditu momentuz.

Bizitza eredu desberdinak

Eta komunikazio faltaz aparte, neurri hauek aplikatzeko orduan komunitate desberdinen aukera eta hautu desberdinek badute zeresanik ere koronabirusak batzuengan zein besteengan duen eragina ulertzeko.

Suedian etxean bakarrik bizi direnen kopurua Europako altuena da, baina somaliar komunitatearen kasuan hainbat belaunaldi bizi daitezke apartamentu txiki batean.

Horrela, bada, informazio falta ez da arazoaren oinarria, Hamid Zafar Göteborreko eskola bateko zuzendari ohiaren ustez. Afganistanen jaio zen irakasleak argi du agintariek ez dutela ulertzen komunitate batzuk bizitzeko beste eredu bat dutela.
Esate baterako, «hauentzat adinduei ez bisitatzea pentsaezina da», gogoratzen du.

Baina benetako arazoa zera da, Zafarren iritziz: «hauetako talde askok sare sozial propioak dituztela, botere hierarkia eta agintari propioak bederen».