Aldi baterako erregulazioek 229.939 langileri eragiten diete Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herriko enpresek enplegua aldi baterako erregulatzeko 32.000 espediente inguru egin dituzte astelehen honetara arte, Covid-19 gaitzak eragindako egoera dela-eta. Espediente horiek guztiek 229.939 langileri eragiten diete.
Orotara, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek 229.939 langileri eragiten diete Hego Euskal Herrian, Lakua eta Nafarroako Gobernuek emandako datuen arabera.
Herrialdeka, Bizkaiko enpresek egin dituzte aldi baterako enplegu erregulaziorik gehien, 13.110 espediente, hain zuzen, eta 83.961 langileri eragiten diete. Espedienteak hasi dituzten enpresa bizkaitarrek 107.654 behargin dituzte orotara.
Ondoren, Gipuzkoako enpresek 8.842 espediente egin dituzte, eta 57.036 langileri eragiten diete (67.437 langile daude enpresotan).
Arabako enpresei dagokienez, aldi baterako 3.689 erregulazio espediente hasi dituzte, 36.342 langileri eraginez (43.292 daude orotara).
Eguneratutako datuak Nafarroan
Aspaldiko partez, Gobernu nafarrak ere eguneratu ditu aldi baterako erregulazioen inguruko datuak. Garapen Ekonomikorako sailburu Manu Ayerdik azaldu du 6.595 txosten aurkeztu direla guztira Nafarroan, 55.486 langileri eragiten dietenak.
Espediente horietako gehien-gehienak aldi baterakoak direla nabarmendu du, 52.600 langile biltzen dituztenak. Gainerakoetatik, %95 lanaldi murrizketei dagozkie eta, beraz, proposatu diren kaleratzeak 67 baino ez dira.
Hilabete bakarrean 2012. urte osoan beste espediente aurkeztu direla adierazi du Ayerdik. 6.193 espediente jarduera eteteagatik aurkeztu dituzteeta, hortaz, enpleguari eutsi beharko diote, alarma-egoeraren araudiak zehazten duenez, eta beste 422 antolakuntzari, produkzioari, ekonomikari edo kontu teknikoei lotutako arrazoiei dagozkie.
Ayerdik aitortu du araudia ere moldatu beharko dela, aldi baterako espediente horiek alarma-egoera indarrean dagoen tarterako bakarrik daudelako aurreikusiak eta enpresetako askok ezingo dutelako ireki egoera hori amaitu bezain laster.
Sailburuak beste datu batzuk ere eman ditu: osasun-krisiaren irismena konparatzeko eta ikusteko; besteak beste, urtarrilaren 1etik martxoaren 12ra enplegu-erregulazioko 29 espediente aurkeztu ziren Nafarroan; 37 martxoaren 13tik 15era; 2.059 martxoaren 16ko astean; 2.990 martxoaren 23koan; eta 370 apirilaren 6koan. Beherakada oso nabarmena izan zen 13ko astean.
Hamabost eguneko epean 5.000 txosten aurkeztu zirela nabarmendu nahi izan du Ayerdik.