INFO

Endika Perez (LAB): «Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkaren isla gordina bizitzen ari gara»

Konfinamenduak 40. egunean, koronabirusak sortutako egoera eta Pedro Sanchez zein Iñigo Urkulluren gobernuen kudeaketa aztergai izan du LABek. Sindikatuko Ekintza Sozialeko idazkariak, Endika Perezek, «konfinamendu hau kapitalaren neurrira egindako etxealdia dela» salatu du.

Endika Perez, agerraldi telematikoan. (LAB)

LAB sindikatuak prentsaurreko telematiko batean aztertu ditu gaur goizean, Madrilgo Gobernuak itxialdia agindu zuenetik 40 egun betetzen direnean, koronabirusak sortu duen egoera soziala eta Sanchez eta Urkulluren gobernuek onartutako azken neurriak.

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko idazkariak «konfinamendu hau kapitalaren neurrira egindako etxealdia dela» nabarmendu du.

Sindikatuaren ustez, Sanchez eta Urkulluren gobernuek langile eta herri-sektoreak babesik gabe utzi dituzte eta «atzoko neurrien gorabeherek berretsi egiten dute hau». Perezek adierazi duenez, haurrak kalera ateratzeko proposamenaren inguruan Sanchezek duen jarrerak «konfinamenduari begirako erabaki hauek ez direla osasun neurrien arabera hartzen ari» erakusten du.

Konfinamendua igarotzeko baldintzei dagokienez, Perezek adierazi du ez direla berdinak guztiontzako. Gainera, birusak ospitaleetan utzitako biktimez gain, Bilboko Udalaren etxerik gabekoentzako aterpe batean eta Zaballako espetxean bi herritar hil egin direla gogoratu du Ekintza Sozialeko idazkariak.

Euskal preso politikoek eta haien senideek bizi duten egoera ere gogoan izan ditu LABeko kideak. «Egoera hau baliatzen ari dira autoritarismoari ateak oraindik eta gehiago irekitzeko», salatu du.

«Dikotomia faltsua eraiki dute. Gatazka gehiengo sozialaren osasuna eta ekonomia, eta gutxi batzuen irabazien artean dago. Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkaren isla gordina bizitzen ari gara», adierazi du Perezek.

Koronabirusari aurre egiteko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak planteatutako neurriak ere apaitu ditu Perezek, eta nabarmendu du «programa honetako neurri bakar bat ere ez dutela bere egin instituzioetako kudeatzaileek».

«Ez dakigu krisi honen ondorio ekonomiko eta sozialak zenbaterainokoak izango diren, baina jakin badakigu aurreko krisia kudeatzeko errezeta eta politikek ez digutela balio. LAB sindikatua egoerari aurre egiteko prest dago», azpimarratu du, azkenik, Perezek.