Euro eta erditik gora saldu da antxoa kiloa Ondarroako portuan
Asteazken honetan antxoa gutxiago porturatu da Ondarroan. Eguerdira arte ez dira lehorreratu. Prezioei eutsi die eta euro eta erditik gora saldu da antxoa kiloa. Tamaina handiagokoa izan da (45-46 granokoa) eta Landetan arrantzatu dute.
Gaur goizean antxoaren arrantzarekin ziurgabetasuna zegoen. Goizeko 10.00etan Ondarroan oraindik ez zekiten noiz porturatu ziren arrantzaleak. 12.00etan ere jarraitzen zuen ziurgabetasunak, 13.00etan lehen itsasontzia iristen ikusi duten arte.
Aurreko bi egunetan prezioen izugarrizko murrizketa eman ostean, hirugarren egunean itxaropentsuago lehorreratu dira arrantzaleak. Kalamua itsasontziko patroi Igortz Garatek hala adierazi dio NAIZi.
Tamaina handiagoko antxoa arrantzatu dute, Landetako kostaldean, Ondarroatik sei bat ordura. Eguneko kupoa beteta itzuli da ontzi lekeitiarra Ondarroara; hau da, 6.000 kilo antxoa. Beraiek zortea eduki dutelakoan da Garate, beste batzuei gehiago kostatu baitzaie.
Laredoko beste itsasontzi batek ere hartu du lur Ondarroan, Nuestro Padre Tonino izenekoak, alegia. Hauek ere kupoa beteta itzuli dira. Ondarroako portua aukeratu dute «beraien ohiko salmenta lekua» delako baina kontziente dira Hondarribia edo Pasaiako portua hurbilago geratzen zitzaiela, hauek ere Landetan egon baitira.
45-46 granoko antxoa saldu da enkantean eta ez da jaitsi euro eta erditik. Positibotzat jo dute salmenta. Lehenengo enkantean kiloa 2,48 euroan saldu eta gero jaisten joan da, 1,53 euroraino −800 kaxa saldu dira euro eta erdian−.
Lehenengo egunean jaitsiera izugarria
Lehenengo egunean ere aurreneko kiloa bi euroren bueltan saltzen hasi zirela adierazi du Igortz Garatek baina arrain gehiago heltzen joan zen heinean, «izugarrizko jaitsiera eman zen».
Asteartean kilo batzuk saldu gabe utzi zituztela ere onartu du, prezio barregarriak tarteko. Argi du «aproposena» ontzien artean edo kofradien artean prezio minimoak ezartzea dela baina horrek ez die ziurtatzen guztia erosiko denik.
Oraingoz harrapatzen ari diren antxoa ez da egokia kontserba fabrikentzako, hauek salazoiarekin landu dezaten, eta kontuan hartu behar da egun merkatu handiena dela kontserbetakoa.
Handizkako merkataria da Jaime, ondarroarra. 1,79 euroan erosi du antxoa. Uste du kanpainaren hasiera ez dela ona izaten ari Ondarroan, oraindik ere kontserba fabrikentzako txikia den arrainarekin baitabiltza eta prezioak oso baxuak izan baitira aurreneko egunetan.
Berak freskorako erosi du eta nabarmendu du beraiek «guztiak pozik egotea nahi dutela», arrantzale zein erosleak.
Ondarroan gain, Hondarribian eta Getarian ere porturatu da itsasontzi andana.