INFO

Ondarroan isolatuta zegoen ontziko arrantzaleak negatiboa eman du Covid-19aren proban

Kalamendi itsasontziko arrantzale batek Covid-19 gaixotasunaren sintomak sumatu zituen ostiral gauean eta itsaso zabaleko mediku-ontziak porturatzeko agindua eman zion. Ondarroako portuan geratu dira isolaturik gainontzeko arrantzaleak, baina proban negatiboa eman ondoren etxera itzuli ahalko dira. 

Kalamendi ontzia Ondarroako portuan, sokaz inguratuta. (NAIZ)

Alturako itsasontzia da Kalamendi, Ondarroakoa. Ostiralean itsaso zabalean zegoela bertako arrantzale batek sukarra sentitu zuen. Patroiak mediku-ontziari deitu eta osasun langileak eskatu zien segituan porturatzeko.

Sintomak sentitu dituen arrantzalea Galdakaoko ospitalera eraman dute larunbat goizaldean eta negatiboa eman du Covid-19 gaixotasuna duen jakiteko egin dioten proban ‘El Correo’ egunkariak zabaldutako informazioaren arabera. Ontzian geratu diren gainontzeko arrantzaleak etxera bueltatu ahal izango dira emaitza ezagutu ostean.

Tripulazioaren artean ziurgabetasuna egon dela egun osoan zehar onartu du LABeko kide batek −itsasontzi honetako ordezkari sindikal bakarra LABekoa da−. Lankidearen emaitza jakin aurretik ontzian geratu dira. 

Jakinarazi duenez orain sei eguneko atsedena zuten Kalamendi itsasontziko arrantzaleek. Hamar-hamabi arrantzalek osatzen dute ontzi honen eskifaia.

Beste mezu batean salatu dutenez, mediku-ontzia (Juan de la Cosa) itsaso zabalean zodiak batean hurbildu zen Kalamendi itsasontziko tripulazioa artatzera eta Norbere Babeserako Ekipamenduak (maskara, eskularruak) «banatzera mugatu ziren».

Alturako ontzietan itsasoratu aurretik ez da koronabirusaren azterketarik egin langileen artean.

Armadorearen erantzuna

Aitor Larrañaga Kalamendi ontziko armadoreak jakinarazi duenez, gainontzeko arrantzaleek erabaki dutela ontzian geratzea, etxekoak kutsatzeko beldurrez. Emaitzak ezagutu ostean, etxera bueltatu ahalko dira.

Larrañagak azaldu du balitekeela arrantzalea lehorrean kutsatu izana baina sukarrik ez edukitzea. Asteazkenean ere portuan aritu ziren, arraina deskargatzen, eta armadoreak zehaztu du arrantzaleak ez zuela ezer esan; beraz, berriz arrantzara abiatu ziren.

Ontziaren jabearen arabera, hurrengo egunean hoztuta sumatu zuten bere lankideek eta ea ondo zegoen galdetzen hasi ziren. Hor ohartu ziren koronabirusaren sintomak izan zitezkeela. 

Ingurukoek «beldurra» sentitu zutela azaldu du Larrañagak, «normala den moduan». Larunbatean goizaldeko ordubiak aldera porturatu dira, «lehenago ezin izan dugu mareagatik». Protokoloari jarraiki, mediku-ontziak Madrilera eman zuen abisua eta honek Osakidetzara.

Anbulantzia bat eta Ertzaintzaren patruila bat hurbildu dira portura eta ontzia sokaz inguratuta izan dute.