INFO

Arabako EH Bilduk Aberastasun Handien Zerga ezartzeko eskatu du

Araban zerga-presioa eurogunekora progresiboki hurbiltzeko eskatu du Arabako EH Bilduk, horretarako, besteak beste, Aberastasun Handien Zerga ezarriz herrialdean. Izan ere, aurreko legealdian Foru Aldundiak egindako aurreikuspenen arabera zerga berri horri esker 26.000.000 gehiago sartuko lirateke urtero Ogasunaren kutxan.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Arabako batzarkideen bozeramailea. (EH bildu)

«Aurreko krisitik ateratzeko, fiskalitatea are gehiago desorekatu zen eta gaur egun diru bilketaren zati handiena PFEZren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) kontura lortzen da, hots, langileen nominetatik ateratzen da. Hala ere, oraindik fiskalitatean erabakiak hartzeko tarte oso handia daukagu», defendatu du Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Arabako batzarkideen bozeramaileak.

Horregatik, Araban zerga-presioa Eurogunekora progresiboki hurbiltzea proposatu du, horretarako, besteak beste, Aberastasun Handien Zerga ezarriz herrialdean. Izan ere, aurreko legealdian Foru Aldundiak egindako aurreikuspenen arabera zerga berri horri esker 26.000.000 gehiago sartuko lirateke urtero Ogasunaren kutxan.

Horretaz gain, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan kapital eta lan errenten ordainketa parekatzea planteatu du, Sozietate Zergan kenkariak zerga-oinarriaren %20ra mugatzea eta etekinen araberako progresibitatea ezartzea.

Beste bi proposamen ere luzatu ditu EH Bilduk: Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan progresibitate printzipioa ezartzea eta zerga guztiak arautzeko eskumena eskuratzea, batez ere BEZaren kasuan.

Iruzur fiskala «oso handia» da

Fernandez de Pinedok gogoratu duenez, Arabako zerga presioa Europako batezbestekotik behera dago: Euroguneko 19 estatuen batezbestekoa %40,2koa da, espainiar Estatukoa %33,8koa eta Arabakoa are baxuagoa, soilik Madril eta Bizkaia daude Arabaren atzetik. Iruzur fiskalari dagokionez, «oso handia» dela salatu du: 2018an 132.000.000 euro antzeman ziren, baina soilik 81.000.000 berreskuratu ziren.

Atzera begira jarrita, aurreko krisialdian hartutako neurriak gaitzetsi ditu EH Bilduk: 2007ko diru bilketan, Sozietate Zergak %15,7 suposatu zuen, eta PFEZak %30,87. 2019ko diru bilketan, ordea, %8,14 eta %35,73, hurrenez hurren.

Diru-bilketa «%20 jaitsi»; kupoa, «berdin ordaindu»

Koalizio subiranistaren aurreikuspenen arabera, pairatzen ari garen osasun eta gizarte krisiaren ondorioz, Arabako diru-bilketaren jaitsiera %20 ingurukoa izango da gutxienez, jarduera ekonomikoaren jaitsieraren ondorioz PFEZ, Sozietate Zerga eta BEZaren sarrerak jaitsiko direlako. Horren ondorioz, datorren urtean Aldundiak 500 edo 600 milioi euro gutxiago jasoko ditu, eta jaitsiera hori Lakuaren, Aldundiaren eta toki erakundeen artean banatu beharko da.

«Kupoa, berriz, berdin-berdin ordaindu beharko dugu», gaitzetsi du bozeramaileak. Hala ere, gastu publikoa areagotzeko beharra nabarmendu du EH Bilduk, eta osasun eta gizarte zerbitzuak, politika sozialak edota sektore kaltetuenentzako diru-laguntza zuzenak jarri ditu adibidetzat. «Gainera, toki erakundeen finantzazio egokia ere bermatzeko beharra dago, aipatutako arloetan euren eskumenak egoki bete ahal izateko», ondorioztatu du Fernandez de Pinedok.