INFO

Brasil, Txile eta Ekuador, Covid-19ak gogorren kolpatu dituen Hegoamerikako herrialdeak

Ia 92.000 kutsatu daude Brasilen eta 6.000 hildakoren gainetik, 38.000 lagun baino gehiago sendatu diren arren. Txilen ia 1.000 kutsatu gehiago zenbatu dira 24 ordutan. Ekuadorren ere 26.000 gaixotu dituzte, eta 1.600 heriotze baino gehiago.

Jair Bolsonaroren aldekoen manifestaldia Sao Paulon, Joao Doria gobernadoren aurka, konfinamendua gogortu duela-eta. (Nelson ALMEIDA / AFP PHOTO)

Hegoamerikako datuek albiste onegirik ez dakarte. Brasil, Txile eta Ekuador dira uneotan kutsatu eta heriotze kopuru handienak dituzten herrialdeak, eta ez dirudi oraindik COVID-19ak goia jo duenik herrialde horietan.

Brasilen, esaterako, kanpaina-ospitaleak zabaltzeko baimena eman dute Rio de Janeiro eta Sao Paulo, COVID-19ak gogorren kolpatu dituen estatu bietan –adibidez, 28.698 kutsatu eta 2.378 heriotze Sao Paulon–.

6.000 hildakorik gora ditu Brasilek dagoeneko, nahiz eta Jair Bolsonarok jaramon handirik egin gabe jarraitzen dien sendagile eta adituen aholkuei. «Sei mila hildako ditugula? Eta zer? Zer egin behar dut nik ba? Mesias bat naiz, bai, baina ez dut miraririk egiten», bota zuen duela egun pare bat Bolsonaro presidenteak, eta aukerarik duenero besarkadak ematen zalea da. Hala, Brasildarren «R Indizea» 2,81ekoa izatea inori ez zaio harrigarri egiten, 88.000 positibo eta 6.017 heriotza zenbatuz. Sendatutako brasildarrak ere, bere txarrean, 38.039 lagun dira.

Alabaina, test faltak eta babeserako material falta kezkatzeko motiborik emanten ari da Brasilgo osasun langileengan. «Langileak beldur dira, ez baitzaie frogarik egiten», kexatu da kazetarien aurrean Jefferson Caproni, Erizainen Mugimenduko bozeramailea.

Hori gutxi ez eta, Bolsonaroren aldekoek manifestaldiak egin dituzte hainbat hiritan. Esaterako, Sao Paulo estatuko gobernadore Joao Doriaren aurka atera dira Bolsonaroren jarraitzaileak, «Dita Doria» leloa dakarren gobernadoren itxurako puzgarri erraldoi bat aurrean hartuta.

Txilen 986 lagun gaixotu dira azken 24 orduetan eta dagoeneko 17.000 txiletar baino gehiagok dute COVID-19a. Zazpi lagunek galdu dute bizia ostegunetik hona eta, hala, 234 heriotze ditu dagoeneko Txilek.

Jaime Mañalich Osasun ministroaren hitzetan, positibo kopurua hainbeste igotzeko arrazoia azken egunotan baino test gehiago egiten ari direla da. Hala, eguenean 8.916 proba egin ei zituzten, joan den astelehenean baino %80 gehiago.

Mañalich ministroak hitz gogorrak izan ditu asteburu luzea baliatuz Santiago hiriburutik alde egin duten horientzat. «Berrogeialdia errespetatu beharra dago, batez ere hiriburuan, pandemiak gogorren jo duen gunea baita», adierazi du.

Txile joan den martxoaren 18tik hona salbuespen egoeran dago, eta 22.00etatik 5.00etara etxeratze agindua dute bertoko herritarrek. Alabaina, «konfinamendu nazionalik» ez dago Txilen, Peru, Argentina, Kolonbia edota Bolivian ez bezala.

«Semaforo sanitarioa» Ekuadorren

Ekuadorren ere, albiste latzak. Lenin Morenoren administrazioak 26.000 gaixotu konfirmatu ditu, eta 1.606 hildako koronabirusa dela-eta. Bederen, 1.913 pertsonak senda-agiria ere jaso dute, Xavier Solorzano Osasun ministrordeak esandakoari so eginez gero.

Zenbaki horiek eskuan, Ekuadorreko gobernuak datorren astelehenerako agindu du «distantziamendu sozialerako» plana. Hori bai, distantziamendua eman edo ez erabakitzeko azken erabakia herri bakoitzeko buruzagi lokalek hartuko dute, «semaforizazio» prozesu baten bidez; hau da, herri bakoitzeko kasu kopuruaren arabera distantziamendua behratuko da «azterketaren semaforoa» gorri badago, eta neurriak ez dira hain zorrotzak izango hori edo berde balego «semaforo» hori.

Kolonbian ere 6.507 kasu zenbatu dituzte azken zenbaketetan –2.633 Bogota hiriburuan hain justu–, bezperan baino 296 gehiago. Hildako lagunak 293 dira dagoeneko eta sendatuak, berriz, 1.439 lagun.

Brasilen bezalatsu, ospitaletako langileak kezkaz gainezka daude. Hala, Bogotako kennedy ospitaleko sendagile eta erizainek «lan eta segurtasun bermeak» eskatu dituzte, pandemiaren aurrean babesik gabe ez geratzeko.

 Argentinan (4.428), Bolivian (1.167) edo Venezuelan (333) zenbaki ofizialak apalagoak dira, ez horrenbeste Uruguayn, azken 24 orduetan 17 heriotze zenbatu baitituzte eta orotara 642 kasu ditu 3,4 milioi biztanle dituen herrialde horrek. Alabaina, kasurik okerrenetatik urruti daude oraindik.