INFO

ELA: «Ekonomian eta gizarte-politiketan lidergo publikoaren garaia iritsi da»

ELA sindikatuaren aburuz, lidergo publikoa da bide bakarra zerbitzu publikoak sendotzeko, oinarrizko sektoreetako lan baldintzak hobetzeko edota enplegua sustatzeko. Lakuako Gobernua interpelatu du, galdeginez ea prest ote dagoen zuzenketak eta aldaketak egiteko, lehentasunak irauli eta politikak jendea aintzat hartuz egiteko.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia. (ELA)

Konfinamenduak ez ditu sindikatuen mezuak eta aldarrikapenak eten. Maiatzaren Lehen honetan bere adierazpena etxetik helarazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, pandemiak bistan utzi dituen ahuleziak eta sortu daitezkeen aukerak hizpide hartuta. Bere hitzetan, «langile-klasearen osasuna defenditzea da uneotan gure lan sindikalaren erabateko lehentasuna, eta hala izango da ere jarduerari berriz heltzen diogun heinean», berretsi du.

Konfinamendu sozialaren eta jarduera ekonomikoaren artean «koherentzia» eskatu arren, ELAk iritzi du gobernuek «arduragabe» jokatu dutela. «Ez digute entzun nahi izan eta pandemiaren egunik larrienetan oinarrizkoak ez diren sektoreak irekitzen tematu ziren. Urkulluren kasuan honek adierazten du bere gobernuak areago entzuten diela gestoreei zientzilariei baino», esan du Lakuntzak. Horregatik, lehentasunak finkatzerakoan Lakua erratu egin dela uste du, «osasun publikoa ezin baita patronalaren, ez interes ekonomikoen baitan jarri». Eta gogorarazi du: «segurtasun betekizunak urratzeagatik enpresa bat ere ez dute geldiarazi».

«Urkullu, patronalari begira»

Soilik patronalari begira egotea ez ezik, «alde bakarreko kudeaketa» leporatu dio Iñigo Urkulluren exekutiboari. «Kargu hartzen dio Madrili aginte bakarra ezarri duelako, baina Lehendakariak lanera itzultzeko erabakiak hartzerakoan modu berean jokatu du, sindikatuekin ezer adostu gabe», tamaldu da.

Krisi honek zer nolako ondorioak utziko dituen konsziente, osasunean, ekonomian, zein arlo sozialean «berehala aldaketa sakonak behar ditugula» aldarrikatu du. «Aldaketa estrukturalak egiteko abagunea da, politikak aldatuko dituen lidergo publikoari aukera emateko», zehaztu du. «Pandemia honek gauza asko argituko du, besteak beste, ea gure gobernuak prest ote dauden krisitik ondorioak ateratzeko; ea prest ote dauden zuzenketak eta aldaketak egiteko, lehentasunak irauli eta politikak jendea aintzat hartuz egiteko, ez enpresen etekinei begira».

Etorkizuna

Pandemiak eredua irauli eta aldaketarako eman dituen aukerak aprobetsatzera dei egin du sindikatuak. «Ekonomian eta gizarte-politiketan lidergo publikoaren garaia iritsi da. Hori da bide bakarra zerbitzu publikoak sendotzeko, oinarrizko sektoreetako lan baldintzak hobetzeko edota enplegua sustatzeko».

Eta etorkizuna ez da bideragarria ez bada trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egitea, defendatu du. Azkenik, krisi honetan zaintza, osasuna, garbitasuna eta elikadura bezalako zerbitzuak eta oinarrizko beharrak kubritu dituzten langileak errekonozitu ditu idazkari nagusiak. «Jendarteak behar-beharrezkoak dituen sektore horiek, pandemiari aurrre egiten dioten horiek, prekarioak eta feminizatuak dira, baina hala da erabaki politiko baten ondorioz. Langile hauen beharra aitortzea ezin da txaloak isiltzearekin batera amaitu: asko zor diegu», amaitu du.