INFO

LABek Garry Galaxy N95 maskara akastunei buruzko erantzunak eskatu ditu Osasunbidean

Osasunbidean akatsak dituzten Garry Galaxy N95 maskarak erretiratzeko garaian ez dutela behar bezala erantzun salatzen du LAB sindikatuak eta horregatik informazioa eta erantzunkizunak eskatu ditu.

Osasunbideako langile bat. (NAFARROAKO GOBERNUA)

«Zainketen Zuzendaritza eta Prebentzio Zerbitzua ahalegindu dira isilarazten Galaxy N95 maskara akastunak erretiratzerako tenorean ez dutela behar bezala erantzun; hori izan da Osasunbideko langileok krisialdi honetan jasaten ari garen enegarren burugabekeria», salatu du LAB sindikatuak.

Gauzak horrela, LABek Zuzendaritzei eta Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuari egindako eskariei esker hasi ziren maskara akastun guztiak kentzen eta orduan ezarri ziren plantillaren babesa bermatzeko neurriak. Zainketen Zuzendaritzak, beste behin ere, ez du erantzun egoerak eskatzen duen mailan, eta argi utzi digu bere kudeaketa-ereduak ez duela profesionalen osasuna babestea aurreikusten.

«Kontuan hartuta Gerentziak, Prebentzio Zerbitzuak eta, bereziki, Zainketen Zuzendaritzak ez dutela erantzunik eman, eta ikusita beharrezko baldintzak betetzen ez zituzten maskaren loteari buruzko zalantza nagusiak argitu gabe segitzen dugula», LABek eskaera zuzena egiten die Osasunbideako arduradunei.

Besteak beste, biltegitik banatu ziren maskaren kopurua eta zein zerbitzu zehatzetara iritsi ziren jakin nahi du sindikatuak, bai Ospitalegunean, bai beste zentro batzuetan. Materialarekin kontaktua izan zuten langile identifikatuen kopuruari buruzko datuak ere nahi ditu. Arrazoi horregatik egindako PCR kopurua eta proba horiek egiten hasi zirenetik izandako positiboen kopuruari buruzko informazioa jaso du nahi du ere. Arazoa detektatu denetik izan den antolaketaren erantzukizuna, ekintzen kronologia eta gaur arte erretiratu den materialen zaintza katearen berri ere jaso nahi du.

«Ez da ulertzen informazio falta hau, zuzendaritza-taldeen zabarkeria ezkutatzeko helburua ez badu behintzat. Horregatik, Osasunbideko langile guztien osasuna arriskuan jarri duen gai larri honen aurrean, erantzukizunak argitzeko» eskatzen du LABek.