INFO
Elkarrizketa
RUFI ETXEBERRIA
SORTUKO ZUZENDARITZAKO KIDEA

«Elkarlanerako eta soluziobideak erdiesteko garaia da»

Sortuko zuzendaritzako kidea gatazkaren konponbiderako lanetan aritu da urte askoan eta horretan segitzen du oraindik. ETAren amaieraren bigarren urteurrenean, preso, iheslari eta deportatuengan jarri nahi du arreta, konponbide bila. Guztiok irabaziko genukeela uste du.

Rufi Etxeberria. (Jon URBE/FOKU)

Gaur beteko dira bi urte Kanboko Arnagako Jauregian Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sozial zein instituzional elkartu zirela, nazioarteko ospe handiko pertsona talde batek zabaldu behar zuen mezua entzuteko. Ongietorria eman zioten horiek bezperan ETAk bere amaiera jakinaraziz zabaldutako adierazpenari, eta etorkizunari begiratu eta gatazka konpontzeko ahalegina egin behar zela gehitu zuten. Horretan jardun da Rufi Etxeberria. Bertatik bertara ezagutu izan du urte hauetan guztietan gertatutakoa.

Bi urte pasatu dira ETAk desegitea erabaki zuela ofizialki jakinarazi zuenetik. Nola dituzu gogoan egun haiek?

Ez da denbora asko pasa, baina tarte luzeagoaren sentsazioa dut; izan ere, halakoa baita gure herrian bederen jardun politikoaren abiadura. Denbora sentsazio kontuez aparte, ETAren desegitearen tamainako gertaera handia memorian iltzatuta geratzen den zerbait da duen dimentsioagatik, aro berri bat markatu duen zerbait izan delako, zalantzarik gabe.

Nola interpretatu behar da azken urrats hura?

ETAk erabaki nagusia borroka armatuaren ibilbidea ixtearekin hartu zuen eta azkena desegiteko erabakia izan zen. Prozesu horren guztiaren oinarrian eztabaida eta erabaki estrategikoak zeuden, Euskal Herrian ziklo politiko bat itxi eta beste berri bat zabaltzea ahalbidetu dutenak. ETAren desegitea prozesu horren guztiaren gailurra izan zen; nolabait esateko, ibilbidearen azken estazioa.

Ez zen egun batetik besterako kontua izan, luze ere jo zuen.

ETAk bere ibilbide armatuaren amaiera Aieteko Konferentziarekin egin ondoren, aurreikus zitekeen prozesu baten baitan desegitea ere iritsiko zela. Eta prozesu hori era ordenatuan egin ahal izateko bazegoen oinarria. Nazioarteko eragileek batetik ETArekin eta bestetik PSOEren Gobernuarekin, alde bakoitzarekin alegia, gatazkaren ondorioen konponbiderako adostutako konpromisoak. Hamasei puntu jasotzen zituen dokumentu hark.

Elkarrizketa bidez egin ahal izateko Europako estatu batek bere ofizioak eskaini zituen eta, hala, Norvegian kokatu zen ETAko ordezkaritza Gobernu espainiarrarekin, eta baita frantziarrarekin ere, prozesu ordenatu hori adosteko. Baina gobernuen aldetik ez zen horretarako borondaterik egon eta nazioartean konponbide prozesu orotan garatu izan den ereduak ez zuen biderik egin ahal izan.

Gobernuek jokabide horrekin aldebiko konponbidea garatzeari muzin egin zioten eta Euskal Herrian beste bide bat bilatzeari ekin behar izan zitzaion. Horrek, batetik, konponbidearen aldeko dinamika eta eredu propio bat eraikitzea suposatzen zuen eta, bestetik, jakina, prozesua denboran luzatzea. Euskal Herrian jendarte zibilaren, eragile sozialen, sindikalen, politikoen eta instituzionalen inplikazioa duen ibilbideari ekin zitzaion eta prozesu horren baitan kokatu behar da ETAren desegitea. Erakundeak berak garatutako barne prozesuarekin batera Euskal Herrian konponbidearen alde egiten ari zen eta oraindik irauten duen prozesu singular horren baitan hain zuzen. Eta singularra deitu ahal diogu, munduan beste inon halakorik izan ez delako.

Azken adierazpenaren aurretik, aste gutxi batzuk lehenago, eragindako kalteari buruzko aitorpena egin zuen ETAk. Amaiera prozesu horretan zer garrantzi izan zuela uste duzu? Zerbait ekarri al zuen?

Adierazpen hark ETAren historia politikoki, estrategikoki eta etikoki benetan handitu zuela uste dut. ETAren adierazpenak ustekabean hartu zuen euskal jendartea eta ustekabe handiagoan klase politikoa eta mediatikoa. Bozeramaile politikoen ahotik eta komunikabide ugariren orrialdeetan etengabeko leloa zen ETAk ez zuela ausardia politikorik izango ez eragindako kalteaz baloraziorik egiteko, ezta autokritika ñimiñorik egiteko ere. Lehen orduetan nora jo ez zekitela egon ziren politburo eta erredakzio ugari. Jendartean ustekabeak sentsazio positiboa eta ilusioa utzi zuen bitartean, shock egoeratik jaiki zirenek ohiko diskurtso zatar eta ukatzaileekin segitu zuten.

ETAk bere adierazpenarekin asko eta onerako markatu zuen itxiera prozesua, baina egindako ekarpena ez zen motzera begirako zerbait, luzerako bake eta bizikidetza prozesua laguntzeko hazia baizik. Eta beste hazi askorekin batera, ETAk adierazpen horrekin berea jarri zuen.

Nola baloratzen duzu beste eragileek izandako jokabidea? Hitz egin dezagun Espainiako eta Frantziako gobernuez.

Bi gobernuez hitz egiterakoan estatu estrategiaz aritu beharra dago, euskal gatazka politikoa ETAren aurretik eta ETAren ondoren estatu izaera duen auzi politikoa delako. Hori da presente izan behar den abiapuntua. Ez estatu batek ez besteak inoiz ez du izan 2010az geroztik gatazkaren ondorio politikoei konponbide ordenatua emateko inolako borondaterik, konponbide horretan sartuko balira gatazkaren zio politikoa onartzera jo beharko luketelako. Horrela aritu dira Aieteko Konferentziaz geroztik. Halere, horrek ez du esan nahi estatu bateko edo bietako gobernuek inolako urratsik egingo ez dutenik.

Euskal Herrian, Ipar eta Hegoaldean, konponbidearen aldeko dinamika sozial, politiko, sindikal eta instituzionalek sortutako eraginaren poderioz gobernuen posizioak mugitzea lortu da. Hollanderen Gobernuak bide pragmatikoari ekin zion armagabetze prozesua ahalbidetuz, eta gerora Macronen Gobernuak hurbilketak eginez eta presoei estatus bereziak altxatuz urratsak egin ditu. PSOEren Gobernuak PPren erabateko itxikeria atzean utzi zuen, oraindik neurri oso apalekin bada ere.

Ez gobernu batek ez besteak ez du hartzen preso, iheslari eta deportatuen afera soluziobidean jartzeko behar den erabaki politikoa. Hori da behar dena; gobernu biek aferaren konponbideari ekiteko erabaki politikoa hartu behar dute, hori ezean afera betikotu daitekeelako eta hori, jakina, onartezina da sozialki, humanoki eta politikoki.

Zer esan daiteke euskal indarrek eta erakundeek izandako jokabideaz?

Aieteko Konferentziaren Adierazpenari muzin egin ziotenak ez ziren bi estatuetako gobernuak bakarrik izan. Adierazpen hark Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei ere dei egiten zien konponbidearen alde murgil zitezen. Jokabide eredugarria adieraziz Ipar Euskal Herriko eragile gehienek elkarlanari ekin zioten. Ezin gauza bera esan Hego Euskal Herriko eragile politikoei buruz eta horren erakusgarri izan zen 2012an Madrilgo Gorteetan onartu zen adierazpena. PPri itxikerian oinarritutako estrategia garatzeko ateak bete-betean ireki zizkion. EAJk adierazpen hori sinatu zuen.

Baina ez da kontuak eskatzen aritzeko garaia. Preso, iheslari eta deportatuen egoerari irtenbidea emateak izan behar du guztion helburua. Eremu honetan ez da konfrontaziorako garaia, elkarlanerako eta soluziobideak erdiestekoa baizik. Honetan disputa politikoak lehenesteak afera luzatzea besterik ez lekarke. Aferaren konponbiderako marko erresolutiboa behar dugu, eta horretarako aldeko borondateak elkartu, bidea adostu eta guztion artean Parisen eta Madrilen eragin, soluziobideak bultzatuz.

Zer ekarpen egin dute nazioarteko eragileek? Oraindik euskal auziari jarraipena egiten al diote?

Ekarpen esanguratsua izan da oso. Ezker abertzaletik esan dezakegu errespetu, profesionaltasun eta seriotasun osoko ofizioekin topatu garela eta denboran mantendu den jokabide horrek kimika ona ere sortu duela.

Azken bi urteotan nazioartearen inplikazioak maila apalagoa izan du, baina epe motzean egitasmo berrituarekin jarraitzeko borondatea dago. Prestakuntza horretan ari da europarlamentariz osatutako Friendship berria eta ez da baztertzen epe motzean ekimen berri bat abian jartzea ere.

Bi urte igaro dira. Gauza asko pasatu da. Ez dakit ondoren sortu diren egoera berriek erabaki hura hartzeko arrazoiak indartu edo, aitzitik, ahuldu egin dituztela esan daitekeen.

ETAren desegitearen eraginez hainbat gauza aldatzen ari direla ageriko kontua da, bai gure herriko agertoki politikoan, bai estatu mailakoan ere. Eremu instituzionalean ematen ari direnak horren ispilu. Baina oraindik ere Euskal Herrian normalizazio politikora heltzeko bide luzea dago egiteko.

ETA desagertu da, baina presoen eta iheslarien errealitate gordinak hortxe segitzen du. Zer egin daiteke egoera horri aterabidea aurkitzeko?

Preso, iheslari eta deportatuak etxeratze bidean jartzeko espektatibarik egongo bada, arrazoi politikoengatik inor espetxean, ihesean edo deportazioan ez egotea lehen mailako behar sozial eta politikoa izatean datza klabea. Finean errepresaliatu politikorik gabeko errealitatea euskal jendarte osoaren lorpena litzatekeelako, guztiok irabazle izango ginatekeelako.

Eta maila praktikoan…

Nik esango nuke bidea egiten ari dela, ez nahiko genukeen emaitzekin, ez desiragarria litzatekeen abiaduran, baina estatuen harlauza, poliki bada ere, mugitzen ari gara. Euskal Herrian errepresaliatu politikoen errealitateak suposatzen duen normalitaterik ezaren kontzientzia oso zabala da. Mobilizazio jendetsuek, elkarlan zabalak, adostasun anitzek eta inkestek hori adierazten dute; badago herri nahi oso partekatua, presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko egoerara iristeko. Paris eta Madrilen giltza politiko eta juridikoak mugitzeko indarra izatean dago ardatza.

Duela ez asko Madrilen eta Parisen ez zegoen espektatibarik euskal errepresaliatuentzat; itxikeria zen bi gobernuen jokabidea gatazkaren ondorioen gai guztiekiko. Ekinaren ekinez egoera horri buelta ematen ari zaio. Mobilizazio etengabearen eta eremu soziopolitikoan erdietsitako adostasunen eskutik lorpenak izan dira. Hori da bide eraginkorra. Askoren ekarpenak errekonozimendua merezi du.

Zentzu berean baloratuko nuke 2013az geroztik EPPK egiten ari den ibilbide politikoa, bai estrategia politiko berriaren garapenean ezker abertzalearen kohesioa indartzeko aktibo izanez, bai bide juridikoaren garapenarekin euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen politikak biluztuz, kontraesanak eraginez eta espazio berriak irabaziz. Esanguratsua da Gorka Frailek egin duen ibilbide juridikoa, eskertzekoa bere ekina zailtasunen aurrean amore eman gabe bidea bururaino egin duelako. Ez da erraza izan eta ez da erraza izango, baina askatasuna irabazteko bidea da. Espetxeetan eta kalean, elkar uztarturik irabazi beharreko borroka da, salbuespeneko legedia gaindituz, euskal preso politikoentzat diseinatu zena bere aplikazioan garai berrira egokituz, presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzeko.

Ezker abertzalearen estrategia aldaketa 2009an abiatu zen; ondoren, besteren artean, ETAren erabaki garrantzitsuak etorri ziren. Ibilbide oso hori egin ostean, nola ikusten dituzu egoera politikoa zein prozesu politikoa? Espero bezainbeste aurreratu al dute ezkerreko independentistek?

Prozesu politikoaren garapenaren ikuspegitik, argi eta ilunak ditugula esango nuke. Lorpen oso garrantzitsuak izan dira; besteak beste, Ipar Euskal Herriko Elkargoa, Nafarroan erregimenari aldaketa kontrajartzea, eremu instituzionalean hauteskunde ezberdinetako emaitzekin lortutako botere mailak eta honen kudeaketan emandako neurria. Baina badago prozesu politikoaren garapenean zertaz kezkatua, eta horretan esango nuke herri gisa eraiki behar dugun prozesuarekin, nola eta noren artean, oraindik ere korapilatuta segitzen dugula eta nazio izaera sendotzen duten ardatzetan desideologizazio zantzuak antzematen direla.

Bi estatuak krisi larriek harrapatuta dauden honetan eta mundu mailan neoliberalismoak bere estrategia suntsitzailearekin egoera ezezagun bezain larrietara garamatzan honetan, ezker independentistak berebiziko aukera izan dezake menpekotasuneko administrazio sistemetatik burujabetzaren estadio- ra salto egiteko. Nola egin asmatu beharra dago, jakina, eta akaso, gakoa ez dago ezker independentistak egin beharreko –eta behar du– alternatiba propioan, baizik eta aldaketaren nahian bat egiten duen mugimendu zabaleko eragile ororekin herri prozesu alternatibo baten eraikuntzatik abiatzean.

 

«Espetxe-politikaren aldaketa babesteko gehiengoa dute»

Espainiako Gobernu berria dago. Zerbait ekarri al du horrek?

Espainiar Estatuan izandako gobernu aldaketa euskal presoentzat diskurtso berri eta itxaropentsuarekin abiatu zen. Asmo handiak egin ziren publiko Gobernu berriaren ahotik eta, PPren itxikeriatik urrundu bazen ere, laster batean galdu zuen hauspoa Gobernuak agindutako espetxe- politika berrirako asmoak. Espetxe-politika berriari baino espetxe-politika moldatuari ekin zion eta bi hauteskunde deialdien ondoren eratutako Gobernua gaur-gaurkoz horren jarraipena egiten ari da.

Gobernu berriak espetxe-politika berriaren alde dagoen gehiengo parlamentarioaren babesa du eta horrek aukera-leiho baterako espektatiba sortzen du, betiere Euskal Herriko ekinbide sozial, politiko eta instituzionalak bultzatzen badu. Ezin espero daiteke presoen aferan urratsak egiteko aukera eskaintzen duen gobernuak bere kabuz mugimendu esanguratsurik egingo duenik, egitera bultzatzen ez baldin bazaio.

Egungo egoerari erreparatuta, Covid-19aren krisi garaian Gobernua presoekin oro har eta euskal presoekin partikularki eramaten ari den politika ezin arduragabekoagoa izaten ari da eta nazioartetik, estatutik eta Euskal Herritik egin zaizkion gomendio eta eskaera guztiei muzin eginez jokatzen ari da.I.A.