INFO

Inbasio saiakeraren atzean Trump eta Duque ikusten ditu Venezuelak

Venezuelako Gobernuak Trumpen eskua ikusten du itsasotik inbasio saiakeraren atzean, atxilotutakoen artean bi estatubatuar «mertzenario» daudela jakitera eman duenean. Fiskaltza Nagusiak Juan Guaido oposizioko buruzagiak,  herrialdeko petrolioaren dirua erabiliz, erasotzaileak kontratatu zituela salatu du.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak atzemandako armak erakutsi ditu. (AFP)

Azken 48 orduetan atxilotu dituzten 15 pertsonetatik bi estatubatuarrak dira. Guztiak itsasotik Venezuelara sartzeko bi saiakeratan parte hartu izanagatik auziperatu dituzte.

Gutxienez beste zortzi hil zituen Venezuelako Armadak lurra hartu aurretik, iparraldeko La Guaira estatuan, Caracasetik gertu. Bigarren saiakera Aragua Estatuan (zentroa) izan zen.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak bi estatubatuarrak aurkeztu ditu VTV kate publikoan: Luke Denman, 34 urtekoa, eta Airan Berry, 41 urtekoa. Biak beteranoak omen dira, SilverCorp «mertzenario» entrepresa estatubatuarrarentzat lan egiten dutenak.

Madurok argi du biek Donald Trump AEBetako presidenteak aginduta parte hartu dutela inbasio-saiakeran.

SilverCorp «Segurtasun» enpresaren fundatzailea Jordan Goudreau omen da, berau ere beterano estatubatuarra.

Guaidoren sinadura

Fiskaltza Nagusiak Juan Guaido oposizioko buruzagiari, bere burua Venezuelako presidentetzat duenari, «mertzenario» hauek errekrutatzea egotzi dio, Washingtonek ezarritako zigorrengatik blokeatuta duen Venezuelako petrolioaren etekinak erabilita.

«Mertzenarioek 212 milioi dolarreko kontratuak lortu dituzte PDVSAri (Estatuaren Petrolio Entrepresa) lapurtutako diruarekin eta Gobernuarenak diren baina atzerrian blokeatutako kontuen bidez», salatu du prentsaurrean Tarek William Saab fiskal nagusiak.

«Kontratu hau publikoa da eta Juan Guaidoren beraren eta Jordan Goudreauren sinadurak ikus daitezke», azaldu du dokumentu bat erakusterakoan. Miamin lan egiten duen Patricia Poleo kazetari venezuelarrak atzeman omen zuen dokumentua da.

Bide batez, William Saab-ek bideo bat erakutsi zuen non Jordan Goudreauk berak Maduroren aurkako operazioa martxan dagoela azaltzen omen duen.

Maduro presidenteak jakitera eman duenez, «ikerketa baten ondorioz lortu dugu Alta Guajira Estatuan egoitza zuen konplot hau deuseztatzea». Alta Guajira Venezuela eta Kolonbia artean dagoen basamortu-lurralde indigena da.

Are gehiago, AEBetako Drogen Kontrolerako Departamentuak (DEA), 2005an Venezuelatik bota zutena, «droga kapoekin harremanetan jarri zen operazioa aurrera eramateko», betiere bere hitzetan.

Kolonbiaren parte hartzea

Venezuelak, Trumpez gain, Ivan Duque kolonbiar presidenteak inbasio saiakeran parte hartu zuela salatu du eta «AEBetako eta Kolonbiako» gerra hornidurak erakutsi ditu, tartean kaskoak, komunikazio-ekipoak eta identifikazio-txapak.

Bi estatubatuarrekin batera, beste 11 pertsona atxilotu zituzten astelehean Aragua Estatuko itsasertzera hurbiltzen ari zirela. Asteburuan zortzi pertsona hil zituzten soldaduek lehen saiakera bat ekiditeko, La Guairan.

Atxilotutako venezuelarren artean Antonio Sequeda kapitaina eta Josnar Adolfo Baduel, Raul Baduel general ohiaren –gaur egun kartzelan korrupzioagatik zigortuta– semea daude.

Ez dira militar bakarrak, Venezuelako Armada Bolibartarraren eta Guardia Nazional bolibartarraren kide ohiak eta desertoreak baitaude atxilotutakoen artean, baita ere polizia ohi eta zibil batzuk. Ikerketa ez da oraingoz amaitu.