Lakuak osasun baldintzak negoziatu eta bermatu ezean, irakasleak ez dira geletara itzuliko
Hezkuntza sailburuak ikastetxeetara itzultzeko plana aurkeztu zuen ostegunean, ikasturte amaierari begira. Lakuaren asmoa da maiatzaren 18tik aurrera ikasgeletara itzultzea DBHko 4. mailako, 2. Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak. Sindikatu guztien ustetan, aldiz, «gaur gaurkoz itzulera abian jartzeko baldintzak ez dira ematen».
Maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseak berrabiatzeko asmoa erakutsi zuen Lakuako Gobernuak; zehazki, DBHko 4. mailan, Batxilergoko 2. mailan eta Lanbide Heziketako irakasle zein ikasleak ikasgeletara itzultzeko plana aurkeztu zuen ostegunean. Sindikatuak (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT), ohar bateratu baten bitartez, erabaki honen aurka azaldu dira gaur ostiralean.
Lakuaren planaren lehenengo irakurketa egitean, argi utzi nahi izan dute osasun baldintzak bermatu ezean irakasleak ez direla ikasgeletara itzuliko. Itzulera eman ahal izateko, sektoreko eragileekin baldintzak negoziatzea exijitzen diote Gasteizko Gobernuari.
Datozen egunotan sindikatuak hezkuntzako eragile desberdinekin jarriko dira harremanetan irakurketa elkarbanatu eta erantzun bateratu bat emateko aukerak aztertzeko.
Ostegunean Urkulluren Exekutiboak iragarritako plana langileen ordezkariekin negoziatu eta landu gabekoa izan dela argitu dute sindikatuek. «Osasun krisi honen kudeaketa guztian bezala aldebakarreko erabaki inposatu bat gehiagoren aurrean gaude», kexatu dira.
«Plana behin ikusita eta ikastetxeen egoera zein den ezagututa, gaur gaurkoz langile zein ikasleen osasuna bermatuz datorren maiatzak 18tik aurrera itzulera abian jartzeko baldintzak ez dira ematen», argitu dute.
Ikastetxeen kasuistika ezberdinak baloratu gabe
Planean jasotzen diren irizpideak «motz geratzen» diren segurtasun neurri batzuetara mugatzen direlakoan dira eta gainera ikastetxeekin landu gabekoak direla adierazi dute. Ikastetxe bakoitzaren baliabideak aztertu eza eta zentruetako zuzendaritzengan neurrigabeko ardura maila ezartzea aurpegiratu diote Lakuari; ikastetxe bakoitzaren esku jarri baitu osasun baldintzak betearaztea, bakoitzaren kasuistika kontuan hartu gabe.
«Itzulera planaren ezaugarri nagusia inprobisazioa eta prezipitazioa direla esan dezakegu, beraz», ondorioztatu dute.
Ez dute baztertzen mobilizazioa
Maiatzaren 18an ikasgeletara itzultzea «ardugabekeria» dela uste dute, «langile zein ikasleen osasuna, eta zabalkundez gizarte osoarena, arrisku larrian jarriko litzatekeelako».
Eskatzen dutena betetzen ez bada, sindikatuek nabarmendu dute langile eta ikasleen osasuna bermatze aldera, euren esku dauden tresna eta baliabide guztiak aztertuko dituztela; «besteak beste, behar adinako mobilizazio dinamika bultzatzea».