INFO

Nazioarteko elkarlanak garaitu zuen baztanga birusa duela 40 urte

1980ko maiatzaren 8an Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) herri guztiak baztanga gaitzatik libre zeudela iragarri zuen, txertoa deskubritu zenetik bi mende geroago.  Garaipen horretarako ezinbestekoa izan zen Nazioarteko elkarlana. Gerra Hotza artean pil-pilean ez zegoenean, Sobietar Batasunak dei egin zion mundu osoari izurrite hildakor haren aurka indarrak batzeko. Ameriketako Estatu Batuek bat egin zuten. Covid-19 aren aurrean irakasgaia.

Txerto-kanpaina Washingtonen 1943. urtean. (AFP)

1980ko maiatzaren 8an OME Osasunaren Munduko Erakundeak herrialde guztiak baztanga gaitzetik libre zeudela iragarri zuen, txertoa deskubritu eta bi mende geroago.

1948an OME jaio eta hamar urte geroago, «Gerra Hotza hain bero ez zegoenean», Sobietar Batasunak baztangaren aurka indar guztiak batzera deia egin zuen, eta «Ameriketako Estatu Batuek berehala onartu zuten plana», azaltzen du Larry Brilliantek, epidemiologian aditu iparamerikarra.

«Borondate publikoa eta politikoa zegoen garai hartan», gogoratzen du, «ez koronabirusaren aurrean egun dagoen nazionalismo ankerra», gaitzesten du.

40 urte geroago, Covid-19aren ekaitzak mundu osoa geldiarazi du, baztanga birusak sekula lortu ez zuena, %30eko hilkortasun tasa baldin bazuen ere. XX. mendean bakarrik, 300 milioi heriotza baino gehiago eragin zituen.

«Asko ikasi daiteke baztangatik koronabirusari aurre egiteko», dio Rosamund Lewis medikuak, OMEn baztangaz arduratzen denak. 1967. urtean birusa guztiz ezabatzeko programa hasi zenetik adituak «etxez-etxe joaten ziren gaixoak atzemateko», azaltzen du.

Kasu batzuetan atzerapenarekin izan bada ere, herrialde guztiak konturatu dira orain «Osasun Publikoaren Armada» osatu behar dela, Covid-19aren «aurrean jendea ohartarazi eta kasuen trazabilitatea jarraitzeko», dio Lewisek.

Egun, mugikorretako aplikazioen bidez edo telefono deiekin egiten da Mendebaldean trazabilita

e-sistema, beti ere jendearen borondate onarekin. Hala ere, OMEren ustez guztiz beharrezkoa da, txertorik ezean.

Txertoa

Baztangaren aurkako txertoa XVIII. mendearen amaieran aurkitu zuten, mediku britainiar batek behiaren baztangaren birusak (vacine) gizakiak babesten zituela jakin zuenean.

Txertoa aurkitu aurretik, bariolizazioa erabiltzen zuen: immunizazio-metodo oso zaharra, zornea inokulatzean zetzana. «Oso eraginkorra zen, bain baztanga zirkulatzen uzten zuen», azaltzen du Anne-Marie Moulinek, Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionalean (CNRS) mediku eta filosofo denak.

«Txertoa deskubritu ostean, herrialde batzuek aintzinako sistema erabiltzen» jarraitu zutela gaineratzen du, India kasu, baina gogor ordaindu zutela.

Txertoa izan zen birusa garaitzeko «arrazoi nagusia», baina garaipenak «nazioarteko elkarlanari ere asko zor izan zion, batez ere prebentzio, tratamendu eta diagnosi kanpainei», azaltzen du Angela Teresa Ciuffik, Lausanneko Unbibertsitatean Mikrobiologiako Institutuko adituak.

Sobietar Batasunaren deialdiaren ondorengo hamarkadan baztangak urtero 2 millioi heriotza eragiten zuen. 1967an OMEk mundu mailako kanpaina erraldoia martxan jarri zuen.

Baztangaren azken izurrite handia Bangladeshen jazo zen, 1975an. Azken izurrite txikia, aldiz, Somalian, 1977an. Hala ere, hurrengo urtean, baztangaren eragina aztertzen zuen laborategi bateko argazkilari-mediku bat gaitzak jota zendu zen.

Bioerasoei beldurra

Egun baztangaren birusa bizirik mantentzen duten laborategiak daude Koltsovon (Errusia) eta Atlantan (AEBak), baina birusaren aztarna zaharrak atzeman zituzten 2014an AEBetako beste laborategi batean.

Birusa deuseztatu zenetik geratzen diren azken aztarnak desagertaraztearen inguruko eztabaida egon da. Hala ere, adituen ustez, teknikoki posible da laborategi batean hura birsortzea.

Lau hamarkada igaro dira baztanga guztiz desagertutzat jo zenetik, baina beldurrak irauten du, bioatentatuen mehatxuak areagotuta.

Izan ere, baztangarekin alderatuta, «koronabirusa haurren arteko jokoa baino ez da», egun jende gehienak ez baitu txertoa hartu, beraz, bere aurrean ahula delako. Hala uste du David Evans Canadako Alberta Unibertsitateko adituak, 2017an zaldien baztanga lehen aldiz birsortu zuen birologoak.

Baztanga berriz agertuko balitz, «lehen asteetan sekulako hondamendia eragingo luke», batez ere Covid-19aren pandemiak «osasun publikoko sistemek logistika aktibatzeko zenbat denbora behar duten» erakutsi duela kontuan hartuta, Rosina Ehmann Alemaniako Indar Armatuen Mikrobiologia Institutuko kideak uste duenez.