INFO

Graduz aldatu dituzte Foruria, Oña eta Arri presoak; azken biak gerturatuko dituzte

Jose Ramon Foruria preso bizkaitarra larriki gaixo dago, eta etxean ari da kondena betetzen 2011tik horregatik. Hirugarren gradura pasatuko dutela jakinarazi du gaur Espainiako Espetxe Erakundeak. Oña eta Arri, Euskal Herrira gerturatzeaz gain, bigarren gradura pasatu dituzte.

Logroñoko espetxea, bertara mugituko dute Josune Oña. (Jon URBE/FOKU)

Markina-Xemeingo Jose Ramon Foruria, 62 urteko presoa, hirugarren gradura pasatuko dutela jakinarazi du gaur astelehenean Espainiako Espetxe Erakundeak. Foruriari maskuriako minbizia atzeman zioten atxilotu eta berehala. Dueñasko espetxean eman zituen urte batzuk, baina Basaurikora eraman zuten 2008an, gaitza berritu baizitzaion orduan. 2010ean berriro agertu zitzaion gaitza, eta handik urtebetera Auzitegi Nazionalak kondena etxean bete zezala baimendu zuen, kontrol telematikoarekin. Hamazazpi urte egin ditu preso, horietatik bederatzi etxean.

Orain, hirugarren gradura pasata, litekeena da baldintzapeko askatasuna ematea. Hori gertatu da jadanik aske den Gorka Frailerekin, ez ordea hirugarren gradua jaso berri duten Xabier Agirre, Fernando Alonso eta Jagoba Codorekin, espetxean segitzen dute eta.

Honekin batera, Espetxe Erakundeak jakinarazi du Josune Oña eta Alvaro Arri presoak gerturatuko dituela, baina data zehaztu gabe, espetxe aldaketak ez baitituzte gauzatuko osasun baldintzek uzten ez badute.

Euskal Herrira gerturatzeaz gain, Oña eta Arri presoak lehen gradutik bigarrenera pasatuko dituztela jakinarazi du erakundeak.

Oña Alacanteko kartzelatik Logroñora aldatuko dute, hamasei urte preso eman ostean. Arri, berriz, Puerto-IItik Burgosera mugituko dute, covid-19aren ondorioz ezarritako mugikortasun arauak indargabetzen direnean. Azken honek 25 urte egin ditu kartzelan.

Biek ala biek, lege bidetik EPPK-k abiatu duen borrokan lortu dute gradu aldaketa eta gerturatzea.