INFO

Birusak etsai historikoen arteko elkartasun keinuak bultzatu ditu

Zatituta dauden Irlandako eta Zipreko irletan alde batetik bestera maskaren trukaketa, Emirerrietatik Iranera osasun materiala, Txina eta Japoniaren artean laguntasuna eta hitz onak. Koronabirusaren aurkako borrokak aldameneko etsaiekin elkartasun keinuak agerian utzi ditu. Kasu gehienetan pragmatismo hutsa da, baina ongi etorria egoismo horri, betiko etsaiak momentuko kide bilakatzen dituenean.

Koronabirusari buruzko grafitiak Belfast zatikatzen duen harresian. (PAUL FAITH | AFP

Orange Ordenak, Ipar Irlanda Britainia Handiaren menpe jarrai dezan amorratuta dagoen erakunde protestanteak, babeserako ekipamendu kargamendua jaso zuen apirilean eta irlako ipar nahiz hegoaldean banatu zuen. Irlandar katolikoak iraintzeko harrokeriaz martxak antolatzen duen talde honek ez du askotan –sekula bai?– Irlandako Errepublikarekin elkarlana bultzatu.

Ipar Irlandako Osasun ministroak, Robin Swann-ek, berau unionista ere, bi aldeen artean elkarlana bultzatzeko akordioa txalotu du. «Erronka berbera dugu denok aurrean».

Nazio Batuetako Erakundeak (NBE) «mundu mailako su etena» iragartzeko dei egin zuen joan den martxoan. Askok muzin egin diote baina, kasu batzuetan, pandemiari aurre egiteko beharrak albo batean utzi ditu aintzinako norgehiagokak.

Banatuta dagoen Zipren, Nicosiako Gobernuak 4.000 babes ekipamendu eta 2.000 klorokina pastilla-tableta bidali zituen apirilean irlako iparraldera, Turkiak 1974an inbaditu zuen eskualdera hain zuzen.

Ez da keinu hau ere oso ohikoa, urteetan eta urteetan akordio batera heltzeko gai izan ez diren bi aldeen artean.

Urte hasieran, Covid-19 epidemiak Txina lur jota zuenean, Tokioko Gobernuak eta japoniar enpresariek milaka eta milaka babes ekipamendu eskeini zizkioten. Pekin «zeharo hunkituta» agertu zen, azalpen bitxia benetan, bi potentzia etsaien arteko tirabirak kontutan hartuta

Pragmatismoaren erakusle

Egia da horrenbesteko eskuzabaltasunaren atzean askotan pragmatismoa baino ez dagoela. «Argi dago Japoniari interesatzen zaiola osasun mehatxua etetea», dio Victor Teo adituak.

Gogoeta geopolitikoek ere badute zeresana. Richard McGregor-en ustez, Txinak Japoniarekiko begirunea agertu du orain,  batez ere «Washingtonekin dituen tirabirek gora egin dutenean», gogoratzen du Sidneyko Lowy Institutuko ikertzaileak.

Emirerriak eta Iran

Ekialde hurbilean ere eman dira herrialde etsaien arteko keinuak. Martxoan Bashar al-Assad Siriako presidenteari deitu zion Mohammed ben Zayed al-Nahyane Abou Dhabiko printze oinordekoak.

Arabiar Emirerri Batuen agintari gorenak «Siriako herriarekin» elkartasuna azaldu zion 2011tik mundu arabiarrak baztertuta izan duen Damaskoko agintariari. Hori bai, momentuz elkartasuna hitzetan geratu da.

Emirerriek hegazkin militar bat bidali zuten Iranera, bertan NBEko mediku adituak eta laguntza zeramatzala. Pandemiak gehien jo duen herrialdearen eta AEBen aliatuen arteko harremanak oso txarrak dira egun eta Golkoko egoera bero dago.

«Laguntza jende ororengana iritsi behar da eta nondik datorren ez da esanguratsua», azaldu du Sultan Mohammed al-Shamsi Emirerrietako arduradunak.

Mohammad Javad Zarif Irango Kanpo Arazoetarako ministroak eskerrak eman dizkie Emirerriei, pandemia «guztion artean gainditu behar dugun auzia» dela gogoratuz.

Michael Stephensek argi du «laguntza diplomatiko hori beharrezkoa» dela, baina gehienbat Emirerrien interes propioek bultzatzuta dagoela gaineratu du.

«Laguntzak pragmatikoak dira lehenik eta behin. Zure ondokoak birusak jota baldin badaude, zu lehen lerroan zaude», dio Londreseko RUSI think tank-eko adituak.