INFO

Pandemiaren erdigunea jada ez da Europa, Amerika baizik

Amerikak Europa gainditu du azken orduetan Covid-19ak kutsatutako herritarren kopuruan: 1,74 milioi kasu antzeman dituzte Amerikan eta kontinente zaharrean 1,73 milioi dira, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera.

Torontoko kaleak hutsik, pandemiagatik. Kanada izaten ari da, AEBekin eta Brasilekin batera, azken egunotako kaltetuena Amerikan. (Emma MCINTYRE/AFP)

Otsailaren erdialdetik Europa zen epidemiaren erdigunea; hala adierazi zuen Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak, Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Baina egunez egun kutsatzeak gora egiten ari dira Amerikan, bereziki AEBetan, Brasilen eta Kanadan, eta horrek Covid-19aren erdigunea kontinentez aldatu du.

Halere, nahiz eta kutsatze kopuru handiagoa izan (1,74 milioi ditu Amerikak eta 1,73 milioi Europak), hildakoen kopurua txikiagoa da Amerikan (100.000 lagunen langa gainditu zuen astelehenean) Europan baino (160.000 erregistratu dituzte).

Errusiak espainiar Estatua aurreratu du

Bestalde, Errusian 10.000 kasu berri antzeman dituzte azken 24 orduetan. Horiek 232.000 lagunera igo dute kutsatuen zenbakia eta munduko bigarren herrialderik kaltetuena bilakatu dute Errusia kutsatu kopuruan. Orain arte espainiar Estatuak zuen postu tamalgarri hori. Lehenengo postuan, AEBek segitzen dute, Johns Hopkins Unibertsitatearen balantzearen arabera.

«Azken 24 orduetan Errusian 10.899 kasu berri baieztatu dira 83 eskualdetan, sintoma klinikorik gabeko 4.704 kasu barne», jakinarazi du birusaren aurka diharduen zentro errusiarrak, Sputnik agentziak jasotako ohar batean.

Ordu batzuk lehenago, Vladimir Putin presidenteak pandemiagatik ezarritako neurri batzuk bertan behera utziko dituztela iragarri zuen. Neurri horien artean dago oinarrizko lana egiten ez duten enpresen itxiera.

Azken 24 orduetan 107 paziente hil dira Errusian; horiekin, 2.116 dira orotara zendutakoak. Moskun, 5.392 kasu antzeman dituzte egun bakarrean. Hiriburuan 121.301 kutsatu dira jada. Herrialdeko kutsatuen erdiak baino gehiago bertan daude (%52,2).

43.512 lagunek gainditu dute gaixotasuna Errusian eta azken egunean 3.711 pazientek jaso dute alta.

Mundu osoan 286.000 pertsona hil dira pandemiagatik eta 4,1 milioi lagun kutsatu dira 187 herrialdetan. AEBak dira kaltetuenak, bai hildako kopuruan (80.000 lagun) bai positibo kopuruan (1,3 milioi).