Pilaketak ekiditeko, saltokietan merkealdiak egitea debekatuta dagoela berretsi du Madrilek
Asteartean Estatu Espainoleko Aldizkari Ofizialean txertatu zen neurriak adierazten zuen merkatariek ezin izango zutela iragarri edo gauzatu jendetza sor dezaketen merkataritza-ekintzarik. Madrilgo zein Lakuako gobernuek beherapenak baimenduta daudela baina jende pilaketak saihestu beharko dituztela esan arren, ondoren, Salvador Illa Osasun ministroak debekatuta daudela berretsi du.
Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerio espainolak asteazken honetan argitu du asteartean Osasun Ministerioak Aldizkari Ofizialean argitaratutako aginduaren edukia, merkataritza alorreko beherapenei dagokiona.
Agindu horren arabera, «establezimenduek ezingo dute jende pilaketak eragin ditzaketen ekintza komertzialik iragarri, ezta gauzatu ere», denda barruan zein kanpoan. Online salmentak agindu honetatik salbuetsita utzi zituen.
Sektorean egonezina eragin zuen neurri honek. Estatu espainolean ehun merkataritzako patronala den Acotexek eskatu zuen agindu horren argibide gehiago ematea eta asteazken honetan argitu du Ministerioak Agindu horren interpretazio bat egin du eta ziurtatu du beherapenak, bere horretan, baimenduta daudela. Nolanahi ere, denden jabeek jende pilaketak sortuko ez direla ziurtatu beharko dute, hori baita aginduak debekatzen duen ekintza. «Honen helburua jende pilaketak saihestea da», adierazi du Ministerioak.
Illa: «Ez daude baimenduta»
Arratsaldean eginiko agerraldian, baina, Salvador Illa Osasun ministroak nabarmendu du, merkealdiak ez daudela baimenduta, «erakargarriak direlako» eta pilaketak erraztu ditzaketelako.
Horrela mintzatu da Illa udako ohiko beherapenak egingo ote diren galdetu diotenean: «Erantzuna argia eta irmoa da. Online merkealdiak eta eskaintzak baimenduta egon daitezke, baina pilaketa fisikoak eragin ditzakeen guztia ez dago baimenduta», esan du.
«Merkealdiak pilaketa horiek eragin ditzake eta ez daude baimenduta», azpimarratu du.
Lakua, hasierako irizpidearekin
Hasiera batean Ministerioak izandako irizpideari jarraituta, Lakuako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Perezek gauza bera iragarri du Onda Ceroko elkarrizketa batean, Europa Pressek zehaztu legez.
Sonia Perezek azaldu duenez, Osasun Ministerioak bidali die interpretazio-irizpidea, eta «ez dira debekatzen ez beherapenak ez eta promozioak ere». «Debekatu duen gauza bakarra pilaketetara eraman ditzaketen merkataritza-jarduerak dira», adierazi du.
Halaber, argitu du merkealdiak edo promozioak iragarri daitezkeela erakusleihoan edo webgunean, baina «segurtasun- eta higiene-neurriak hartuta egin beharko da beti, protokolo guztiak aplikatuz eta pilaketak saihestuz».
«Ezin dira egin kudeatzeko zaila izango den jende pilaketa bat sortuko duten jarduera komertzialak, honekin segurtasuna arriskuan jarriko genukeelako», nabarmendu nahi izan du.
Bakoitzaren eskuetan geratzen da azken erabakia
Dena den, Reyes Maroto ministro espainolak zein Sonia Perez sailburuak ez dute zehaztu edo ez dute adibide gisa jarri jende pilaketak sortu ditzakeen jarduerarik. Komertzio bakoitzak erabaki beharko du bere kasuan beherapenak jarriz gero, jende pilaketa sortzeko arriskua egongo den edo ez.
«Merkataritza-ekintza motagatik, eskainitako produktu motagatik, merkealdiak edo promozioak beste sasoi batzuetan nola egin izan diren ikusita, jende pilaketak kontrolatzeko bitartekorik ez dagoelako, dendaren kokapenagatik edo dendaren barrualdea nola antolatuta dagoen ikusita, dendako arduradunek uste badute jende pilaketak gerta daitezkeela ezingo dituzte gauzatu merkataritza-ekintza horiek», azaldu du Reyes Maroto buru duen sailak.