Behobiako muga irekitzeko eskatu dute Irun eta Hendaiako alkateek
Apirilaren 11tik itxita dago Behobiako muga, Irun eta Hendaia Urruñakon Pausu auzotik batzen dituena; edo, bestela esanda, Gipuzkoa eta Lapurdi batzen dituena. Mugaren alde bateko eta besteko herrietako alkateek honen irekiera eskatu dute bi eremuetan leuntze fasea hasita dagoela argudiatuta eta Santiagoko zubiko trafikoa arintzeko.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Hendaiako auzapez Kotte Ecenarrok ohar bateratu bat argitaratu dute Behobiako muga irekitzeko eskatuz. Gipuzkoa eta Lapurdi batzen dituen mugan kontrola iraunkorrak ezarri zituzten martxoaren 16an; hau da, estatu espainol eta frantsesean alarma egoera ezarri zenetik. Apirilaren 11an, berriz, beste hainbat pasabide, hala nola Irungo Behobia auzoa eta Hendaia Pausu auzotik batzen duena guztiz itxita geratu zen.
Bi estatu horietako gobernuek leuntze faseari ekin diotela argudiatuta, Irun eta Hendaiako alkateek muga irekitzeko exijitu dute. Era berean, gogoratu dute, arintze fase honetan Behobiako muga itxita mantentzea arazo ugari eragiten ari dela Santiagoko zubian, bi herriak banatzen dituen beste mugan, hain zuzen ere.
Esan dutenez, orain dela egun batzuk arte, konfinamendu neurri zorrotzagoengatik, Santiagoko zubiak arazorik gabe xurgatu zuen mugaz gaindiko trafikoa, baina, azken egunotan, bi aldeetan arintze fase berriak hasi direnez, «trafikoa nabarmen handitu da, eta horrek izugarri zailtzen du Santiagoko mugako igarobidea».
«Jarduera ekonomikoa berreskuratu da, enpresa askotan aurrez aurreko lanera itzuli dira, dendak bi aldeetan ireki dira eta –Estatu frantsesaren kasuan– ikastetxeetara ere itzultzen hasi dira ikasle zein irakasleak», zehaztu dute.
Azaldu dutenez, «Bidasoaren alde bateko eta besteko herritarrek beren eguneroko bizitzan mugaren bi aldeetan jarduerak egiten dituztela ulertuta», Santiagoko zubian ilarak sortzen ari dira.
Modu horretan, bi udalerrietako jarduera ekonomikoaz ere kezkatuta agertu dira; izan ere, mugez gaindiko merkataritzara bideratutako dendak eta jarduerak daude bertan, «eta bezeroen mugikortasunik gabe irekitzea itxita egotea bezalakoa izango da».
Egoerarekin sentikorrak izatea
Bi estatu ezberdinen menpe dauden bi lurralde izanik, Irun eta Hendaiako alkateen mezua Pedro Sanchezen eta Emmanuel Macronen gobernuei zuzenduta dago. Eskatu die «mugaz gaindiko egoerarekiko sentikorrak izan daitezela eta keinu txikiak egin ditzatela, hala nola mugako pasabide guztiak berriro irekitzea, pasabidea errazteko eta ilarak saihesteko».
Santanok konpromisoa hartu du bere eskaera Denis Itxaso Gobernu espainoleko EAEko ordezkariari helarazteko, eta haren homologo hendaiarrak gauza bera egingo du Pirinio Atlantikoko Departamenduaren prefektuarekin.
Gainera, bi udalerri hauei informazioa helarazteko garaian, modu koordinatuan egiteko eskatu dute alkateek, alde bateko eta besteko neurri murriztaileen inguruan edo muga igarotzeko behar den dokumentazioari buruz herritarrei modu egokian helarazi ahal izateko.
Berrogeialdia egiteko betebeharra
Muga igarotzen duten herritarrek 14 eguneko berrogeialdia egin beharko dutela iragarri dute estatu espainol zein frantseseko gobernuek. Ostegun honetan iragarri du neurria Emmanuel Macronen exekutiboak, egun batzuk lehenago Pedro Sanchezen gobernuak ezarritako irizpideen ondotik.
Estatu espainolera sartzen den atzerritar orok –langileek izan ezik– berrogeialdia bete beharko dute ostiral honetatik aurrera. Neurri hau alarma egoerak irauten duen bitartean errespetatu beharko da; hau da, momentuz maiatzaren 24ra bitartean.
Gobernu frantsesak irizpide berdina jarraitu du Estatu espainoleko herritarrekiko, «arrazoi politikoetan oinarrituta baina baita eraginkortasunean ere». Beraien ustez ez baita posible «herrialde batetik bestera igarotzen direnentzat errazago izatea, alderantziz doazenentzat baino».
Macronen exekutiboak arrazoitu du herenegun Gobernu espainolak iragarritako neurriaren berririk ez zekitela. Adierazi dute beraiek momentuz ez zutela neurririk hartu ez Estatu espainolarekiko ez eta Europar Batasunekoak diren gainontzeko herrialdeekiko ere. «Elkarrekikotasun-neurri gisa erabiliko dugu, Espainian aplikatzen den denbora berdinean», zehaztu dute.