INFO

‘Udalekuak 2020’ programa bertan behera utzi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 7 eta 13 urte bitarteko umeei 4.000 plaza (1.360, Bizkaian; 1.110, Gipuzkoan eta 1.530, Araban) eskaintzen zizkien ‘Udalekuak 2020’ programa bertan behera utzi dute foru aldundiek, «partaide guztien osasuna eta segurtasuna lehenesteko».

Iazko Bernedoko Euskal Udalekuak, mitologia eguna. (Endika Portillo/FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek erabaki dute bertan behera uztea ‘Udalekuak 2020’ programa, 2020ko udako kanpamentuen kanpainako ume eta pertsona guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Aisialdi hezitzaileko kideak erabakiren baten zain zeuden, eta azkenean iritsi da sektorearen inguruko berri bat.

«Covid-19aren hedapena eragozteko, osasun arloko agintariek egindako gomendioak kontuan hartuta» geldiarazi da hiru lurraldeetako 7 eta 13 urte bitarteko umeei 4.000 plaza eskaintzen zizkien programa hau, foru aldundiek ohar batean azaldu dutenez.

Gipuzkoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu aurtengo ‘Udalekuak 2020’ eta ‘Gazte Oporraldiak’ kanpainak, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitartean izatekoak zirenak. Aurten Aldundiak 1.150 plaza eskaini behar zituen 7-13 urte bitarteko umeentzat (udalekuetan) eta beste 386 plaza 14-17ra bitarteko gazteentzat (gazte oporraldietan).

Aldundiak erabaki du eutsi egingo diela aisialdiko erakundeentzako laguntzei, behin jarduera esparruak eta protokolo egokiak definitzen direnetik aurrera. Laguntza horiek aurki iragartzea espero dute, eta udaleku irekiak (gauak igaro gabe) egitera bideratzea.

Araba

Arabako Gazteriaren Foru Erakundearen kasuan, ‘Udaraba 2020’ kanpaina bertan behera utzi da. Uztailaren 1etik abuztuaren 11ra bitartean garatzea aurreikusita zegoen 7 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Bertan, guztira, ‘Udalekuak’ programako 1.940 plaza eskaini ziren (1.530 gainerako aldundiekin partekatuta eta 410 Arabarako bakarrik), eta ‘Gazte Bidaiak’ programako 571 plaza.

Azken programa hori beste erkidego batzuetan ere garatzen da, eta edizio honetan Herbehereetan egitea aurreikusita zegoen; beraz, programa bertan behera utzi behar izan dute mugikortasun murrizketengatik, segurtasuna bermatzeko, osasuna babesteko eta gazte, antolatzaile, kontratatutako langile, senide eta gizarte ingurunearen artean kutsatzeak saihesteko.

Bizkaia

Bizkaiko Foru Aldundiak ere bertan behera utzi du ‘Udalekuak 2020’ kanpaina, zeina uztailaren 1etik 29ra egitekoa baitzen. Edizio honetan, foru erakundeak 1.360 plaza eskaintzen zizkien 7 eta 13 urte bitarteko umeei.